Ikuskizun biribila Larrabetzuko frontoian

a eta i: Idoia Andres 2023ko mai. 2a, 15:04

Egunero ez dago Titin III. eta Mikel Goñi pilotari ohiak zuzenean ikusteko aukera. Agian bere ibilbidearen 10 partidarik onenak jokatuta dituzte, baina bikotea beti da erakargarria. Eta hori agerian utzi zen Larrabetzun, zapatuan, apirilaren 29an. Goñik partida hasi bezain laster hartu zuen min; hala ere, publikoak ikuskizun ederra disfrutatu zuen.  

Giro ederra egon zen Larrabetzuko frontoian: jendez gainezka, 500 sarrera baino gehiago saldu zirelako, musika, dantza, ondo pasatzeko gogoa... “Ez dut inoiz herriko frontoia horrela ikusi”, esan digu Erlantz Garcia epaileak. Ez zen gutxiagorako izan, pilotaren mito bi Larrabetzun batu zirelako. Batetik, Titinek (Tricio, 1969) 22 urte eman zituen profesional, eta bost txapela irabazi; eta bestetik, Mikel Goñi (Oronoz-Mugaire, 1977), adituen arabera, bere belaunaldiko pilotaririk onena.  

Tamalez, bigarrenak gutxi jokatu zuen, lehenengo tantoan, txokora pilotaren bila zihoala, muskulu bikietan min hartu zuelako. Ostean, 20 minutu eman zituen aldagelan, fisioterapeutarekin lanean, baina ezin zuen behar bezala korrika egin eta ez jokatzea erabaki zuen. Bere ordez, Markel Cabello pilotari gaztea aritu zen. “Pena izan zen Goñiren lesioa, batez ere partida hasieran izan zelako. Bera inplikatu zen jaialdia antolatzen, baina ezin izan zuen berak antolatutako jaia kantxan disfrutatu. Gainera, zaletu asko eta asko bera ikustera etorri ziren. Tira, esan digu Larrabetzura itzuliko dela”, aipatu du Garciak.

Garrantzitsuena ez zen emaitza, jaia polita egitea baino, baina Titin III.ak eta Edorta Bilbaok 22 eta 21 irabazi zieten Gorka Estebani eta Markel Cabellori. Lehia bizia egon zen, baina pilotarien artean kiroltasuna eta umorea nagusitu zen, Erlantz Garcia epaileak azpimarratu duenez. “21 eta 20koa Esteban-Cabelloren alde zegoela, Titinek txapari eman zion, baina epailea ez ikusiarena egin zen, ikuskizunak jarrai zezan. Eta azkenean, Titin-Bilbao bikoteak irabazi zuen. Inor ez zen haserretu (kar-kar)”.

Bestetik, Garciak goraipatu du Titinen eta Cabelloren maila. “Errioxarrak, 54 urte dituela, erremate ederrak egiten ditu oraindik, eta behar denean, lurrera botatzen da pilota bila; eta Cabello gazte-gaztea izan arren, ez zen kikildu eta maila altua eman zuen”. Partida bukatu zenean, Titinen eta Goñiren kamisetak zozkatu ziren.     

Pilota-jaialdia Larrabetzuko Lodiek kuadrillak antolatu zuen, herriko Kuadrilla Egunerako dirua batzeko. Ospakizuna maiatzaren 20an izango da. Partida nagusiaz gainera, beste partida bi jokatu ziren: emakumezkoen larruzko paleta eta Lezamako Pilota Klubaren esku-pilota. “Lodiek kuadrillak lan txukuna egin du: sarrerak, musika, zozketak... Jendea pozik ibili da”, esan du Garciak.