Kadete mailako taldea domekako derbian animatzera deitu du Uritarrak

Aikor aldizkaria 2023ko mai. 4a, 12:07

Domeka egun berezia izango da Larrabetzun Bizkargi Eguna delako, jai inportantea herrian. Egun berean, futbol partida garrantzitsu bat ere jokatuko da Larrabetzun, kadete mailako Uritarra taldeak Zamudioren kontra jokatuko duelako. Partida 16:00etan izango da Errebalen eta etxekoak igoera lortzeko lehian dabiltza.

“Gure kadeteak denboraldi itzela egiten dabiltza eta espero dugu domekan denon artean ospatzea aurten egin duten esfortzu ikaragarria. Igo ermitara goizean goizetik, baina etorri guztiak arratsaldean gure gudari gazteak animatzera!”, esan du klubak gizarte-sareetan.

Uritarraren kadete taldeak Lehenengo Mailako Bigarren Multzoan jokatu du aurten, besteak beste, Txorierriko Sondika, Zamudio, Lauro eta Derio taldeekin batera. Guztira, partida bi falta dira liga bukatzeko eta larrabetzuarrak hirugarren postuan dabiltza, 62 puntu eskuratuta. Aurretik, bigarren postuan Derio taldea dago, sei puntura. Eta atzetik, Berango taldeak, laugarrenak, 58 puntu ditu eta Ugeragak, bosgarrenak, 56. Hau da, Uritarrak zamudioztarrak mendean hartzen badituzte, hirugarren postua ziurtatuko dute, baita berdintzen badute ere. Eta ondorioz, Ohorezko mailara igotzeko kanporaketa jokatzeko aukera izango dute.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).