Hainbat ekintza eta aldarrikapen izango dira asteburuan, Bizkargi Eguna ospatzeko

a: Idoia Andres 2023ko mai. 5a, 10:45

1937an, eusko gudariek faxistei egin zieten aurre Bizkargi mendian, eta, ohi moduan, domekan, maiatzak 7, omenaldia egingo die herriak. Bizkargi Gogoratuz elkarteak antolatuta, zenbait ekitaldi izango dira goizean; gainera, Gure Esku mugimenduak argazkia egiteko deia egin du erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Era berean, arratsaldean ospakizun-ekintza egongo da Larrabetzun. Ernaik ere ekintzak antolatu ditu Bizkargi Egunaren bezperarako.

Esan moduan, zapatuan ere, maiatzak 6, ekintzak izango dira Bizkargin, Ernaik antolatuta. Bizkargira Gernikatik, Zornotzatik eta Larrabetzutik igoko dira; Larrabetzuko hitzorduari dagokionez, hori 10:00etan ipini dute plazan. Bizkargira igo, eta 12:00etan “Memoria eta antifaxismoa” hitzaldia egongo da Leire Aginagaren eta Ibon Meñikaren eskutik; ostean, ekitaldia eta trikipoteoa egingo dira. Bazkaldu ondoren, 16:00etan, bertso-saioa izango da eta bertan ibiliko dira Beñat Bilbao, Janire Arrizabalaga eta Koldo Gezuraga; saioaren ostean, jokoak egingo dira. Kontzertuak 19:00etatik aurrera izango dira: Larru Eta Lagunak, eta Pary & Tiza vs Gorriontxu Ta Laztana.

Bestalde, Bizkargi Gogoratuz elkarteak zenbait ekintza antolatu ditu domeka goizerako. Soinu Txikie taldea hasiko da goiza girotzen, eta 12:30ean omenaldia egingo zaio Patxi Jaka Bikandiri, Zabalbide batailoiko gudaria izan zenari. Larrabetzuko Bizkargi dantza taldearen ekitaldia ere egongo da, eta ongietorria egingo zaio Etxanoko Nagusiari. Etxahun Lekue, Onintza Enbeita eta Txiplas bertsolariek saioa egingo dute, eta 12:50ean erromeria izango da Aiko taldearen eskutik; eta 13:30ean, Eneko Larruzearen kantaldia.

Gure Esku mugimenduak deituta, 13:30ean argazki erraldoia egingo da baselizan, eta mosaikoa, gailurrean. Ekintzaren helburua da aldarrikatzea “Herri bat garela eta erabaki nahi dugula”, azaldu dute; ekintzan Gure Eskuren kamiseta jantzita parte hartzeko deia egin dute, baita ikurrina eramanda ere. Azkenik, eguna biribiltzeko, 18:30etik aurrera erromeria egongo da Larrabetzun, Kittu taldeak girotuta. Taloa jateko aukera ere izango da.   

Bizkargi Eguna maiatzaren 3a da, eta aurten ere mendiko tontorrean batu ziren Muxikako, Morgako, Larrabetzuko eta Zornotzako herritarrak eta udal-ordezkariak. Busturialdeko Hitzan irakurri dugunez, Muxikako eta Larrabetzuko udal-ordezkariek iragarri zuten bertan xafla ipiniko zutela 1937ko maiatzean izandako bataila gogoratzeko.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).