Larrabetzuko Olarreta taldeko neska bik GRABNI pilota txapelketa irabazi dute

Aikor aldizkaria 2023ko mai. 8a, 14:16

Urtero jokatzen da GRABNI pilota txapelketa Gipuzkoa, Errioxa, Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Iparralderen artean. Txapelketa Nafarroak irabazi ohi du, baina aurten Bizkaia izan da garailea. Horretarako, erabakigarriak izan dira Maialen Landajo eta Uxue Urgoiti Olarreta Larrabetzuko klubeko pilotariek lortutako txapelak. Eta noski, baita Erlantz García hautatzaile larrabetzuarraren lana ere.

“Neskek lan paregabea egin dute, eta konpromiso ikaragarria adierazi. Gogor egin dute lan azken hilabete biotan eta emaitza kantxan ikusi dugu. Poz-pozik gaude: batetik, txapelengatik; eta bestetik, horiek GRABNI txapelketa irabazten lagundu digutelako. Bizkaiak aspaldian ez du irabaztea lortu, baina aurten garaipena gurea izan da”, esan digu Erlantz García Bizkaiko hautatzaileak. Ezkerparetan, Bizkaiak guztira 15 txapela lortu ditu; eta Nafarroak, bigarrenak, 14. Gainera, trinketean, Bizkaia txapeldunordea izan da, Nafarroaren atzetik.

Garcíak lurraldearen lau pilotari onenak aukeratu behar izan zituen emakumezkoen gomazko paletaren hiru kategoriatan: senior, 22 urte azpiko eta gazte. Lehenengoan ez ziren finalera heldu, baina gainerako bietan, bai, ordea. Gazte mailan, Uxue Urgoitik (Olarreta) eta Naroa Zulaikak (Olgetan) ustekabez irabazi zioten bikote gipuzkoarrari. Normalean Gipuzkoa “andre eta jabe” ibiltzen da emakumezkoen mailetan, baina aurten Bizkaiak 30 eta 22 irabazi zuen. Beste aldetik, 22 urte azpiko kategorian, Maialen Landajo (Olarreta) eta Olatz Zulaika (Olgetan), Naroaren ahizpa, 30 eta 15 nagusitu ziren erraz, giputzen aurka.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).