Emakume Palisten jaia, Larrabetzun

a eta i: Idoia Andres 2023ko mai. 15a, 14:50

Atzo, maiatzak 14, Emakumeen Pala Topaketa egin zen bigarren aldiz Larrabetzun. Ekitaldia Larrabetzuko Udalak, Olarreta pilota elkarteak eta Zutunik talde feministak antolatu zuten, eta, horren haritik, jai egun ederra pasatu zuten familiek eta parte-hartzaileek. Helburua emakumezkoen pala aldarrikatzea da.

“Ekitaldia duela urte bi hasi ginen antolatzen. Ama-talde batek umeak eramaten genituen palan frontoian jokatzera, baina egun batean animatu ginen eta kantxara egin genuen salto. Handik aurrera, taldea sortu dugu, Palandreak: hasieran, lau neska geunden eta gaur egun, 30 gabiltza, eta horietako sei federatu egin dira eta aurten hasi dira txapelketak jokatzen”, azaldu du Lur Fernandez antolatzaileetako batek.  

Gainera, topaketa ere antolatzen dute. “Larrabetzuko frontoian gizonezkoek baino ez zuten palan jokatzen eta bat egin genuen Zutunik talde feministarekin ekitaldiren bat egiteko. Eta pala topaketa sortu genuen, emakumezkoen kirolari eta gure taldeari ikusgarritasuna emateko. Iaz ezin izan genuen egin, baina aurten bai, ordea. Lehenengo aldian jende pilak hartu zuen parte eta eromena izan zen. Beraz, oraingo honetan zortzi bikotetara mugatu nahi izan dugu”.

Antolatzaileen esanetan, emaitza ez zen garrantzitsuena, baina aipatu beharra dago Janire Beitiak eta Irati Zorrozuak osatutako bikoteak txapelketa irabazi zuela. Gainera, emakume hauek ere sartu ziren lehian: Aitziber Diaz-Josune Gezuraga; Bea Garate-Tania Martinez; Nagore Arroitajauregi-Rakel Cordoba de Samaniego; Amaia Guinea-Ana Prieto; Jone Goiri-Junkal Gonzalez; Alaia Saenz-Naia Gastelu; eta Ane Miren Barela-Jone Jauregi.

Goizean, partidak jokatu ziren. Eguerdian luntxa hartu zuten pilotariek eta senideek eta arratsaldean, partida gehiago egin ziren. Txapelketa bukatu zenean, antolatzaileek opariak zozkatu zituzten parte-hartzaileen artean. Ume batzuek topaketaren marrazkiak egin zituzten eta haiek ere jaso zituzten opariak.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).