Uritarra taldea futbolean bortizkeriaren kontrako kanpainaren protagonista izan da

Aikor aldizkaria 2023ko mai. 17a, 14:26

Bizkaiko Futbol Federazioak "Hau ez da zure lekua; Hau ez da zure zelaia" futbol zelaietan izaten den indarkeriaren aurkako kanpaina aurkeztu zuen atzo. Ekimena 2020-2024 plan estrategikoaren barruan dago, eta horren bidez, Bizkaiko futbol-zelaietan giro osasuntsua sustatu nahi du Federazioak. Kanpainaren haritik bideoak zabalduko dituzte eta horretan goi-mailako epaileek, jokalariek eta entrenatzaileek hartu dute parte, baita Uritarra Larrabetzuko taldearen ume batzuek ere.

“Pozik-pozik hartu dugu parte kanpainan. Batetik, mezuarekin bat gatozelako. Tamalez, jarrera bortitzak astebururo ikusten ditugu zelaietan eta horien kontra zerbait egin behar da. Bestetik, klubari ikusgarritasuna ematen dio”, esan du Xabier Bilbao Uritarra taldearen presidenteak. Grabaketak martxoan egin ziren Larrabetzun.

Kanpainak hainbat bideo labur zabalduko ditu indarkeria gaitzesteko. Edozein indarkeria da kaltegarria, fisikoa zein hitzen bidez sortzen dena. Bideoetan pertsona nabarmenak aritu dira: besteak beste, Ricardo de Burgos bera, Iñaki Williams, Mikel Balenziaga eta Nekane Diez Athleticen jokalariak, Andoni Goikoetxea futbolari profesional ohia eta Iraia Iturregi Athleticen emakumezkoen taldearen entrenatzailea.

Kanpaina San Mameseko Prentsa Aretoan egin zen atzo, maiatzak 16. Han hauek egon ziren: Iñaki Gómez Mardones Bizkaiko Federazioaren presidentea; Rocio Ybarra Athletic Cluben Aterpe programaren arduraduna; Carlos Sergio Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkaria; eta Ricardo de Burgos Bengoetxea nazioarteko epailea.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).