Larrabetzuko Udalak aldaketa “puntuala” proposatu du HAPOn

Aikor aldizkaria 2023ko eka. 21a, 13:51

Larrabetzuko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (HAPO) ezarrita duenez, frontoiaren atzean dagoen lurzoruak bizitegi-erabilera izan behar du. Han, etxebizitza-bloke bi altxatuko dira –guztira 53 etxebizitza–, eta aparkaleku bat, erdialdean. Plana gauzatzeko, proiektua garatzen hasi da, baina konturatu dira, araudia behar bezala betetzeko, ez dagoela lekurik lurrazpiko aparkalekuak egiteko. Horregatik, Larrabetzuko Udalak eskatu du HAPOn aldaketa “puntual” bat egitea. Uztailaren 31ra arte, herritarrek ekarpenak egin ditzakete helbide honetan: hirigintza@larrabetzu.eus.

Araudia betetzeko, 83 aparkaleku egin behar dira lurrazpian, baina horretarako leku nahikorik ez dago. Beraz, Udalak uste du konponbide bakarra bizitegietako eremuaren sakonera handitzea dela eta horregatik proposatu du aldaketa “puntuala” HAPOn, azalera doitzeko eta hornitze-estandarrak betetzeko. Aldaketa horrekin batera, beste doikuntza txiki batzuk ere egingo dira: esate baterako, lurzoruaren mugak eta eraikinen ezarpen-kotak eta altuerak aldatuko dira. Gainera, Udalak eraikinetan baimendutako gehieneko hegaldien erregulazioa berregokitzea proposatu du, HAPO bizigarritasun-baldintzen dekretu berrira egokitzeko.

Aldaketak ez dauka eragin berezirik herrian, lur azpian jarriko diren aparkalekuetan eragina izango duelako, hau da, apur bat handiagoak izango direlako. Etxebizitzak berdin-berdin egingo dira eta ezaugarri berak izango dituzte. Kanpoko berdegunea ere apur bat desberdina izango da. Dena dela, Udalak berak erabaki horiek ezin ditu hartu, argitaratu behar dira eta herritarrek ekarpenak egiteko aukera izan behar dute. Eta hori egin dugu”, esan du Iñigo Gaztelu alkateak.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).