Maldonadok eta del Riok Pala Tour txapelketan hartuko dute parte

Aikor aldizkaria 2023ko eka. 23a, 10:11

Atzo aurkeztu zen Pala Tour txapelketa, udako pala profesional mailako txapelketa. Lehenengo saioa domekan, ekainaren 25ean, izango da Olaberrian (Gipuzkoan) eta finala, irailaren 9an, Sopelan. Palistek hainbat herri bisitatuko dituzte, Larrabetzu tartean. Roman Maldonado eta Asier del Rio palista txorierritarrek hartuko dute parte txapelketan.

Lehenengo partidan, elkarrekin jokatuko dute Roman Maldonado larrabetzuarrak eta Asier del Rio lezamarrak 12:00etan, Olaberrian. Euren kontra Ibarguren-Alkorta bikotea arituko da. Bikoteak aldatuko dira partida batetik bestera eta palista bakoitzak, indibidualki, metatuko ditu puntuak. Saio bakoitza irabazten duenak hamar puntu lortuko ditu; bigarrenak, zazpi; hirugarrenak, bost; eta laugarrenak, hiru. Txapelketaren saioak Armintzan eta Deban egingo dira, baita Bilbon, Aste Nagusian (abuztuaren 23an eta 26an), ere. Antolatzaileek esan dute agian Plentzian ere egingo dela, baina ezin izan dute hori oraindik berretsi.

Txapelketaz gainera, jaialdiak ere jokatuko dira herriz herri, baina bakarrik txapelketan lortutako puntuak hartuko dira kontuan sailkapenerako. Larrabetzun, esate baterako, jaialdiren bat egingo da udan. Gainera, herri hauetan ere egingo dira pala-jaialdiak: Azpeitian, Galdakaon, Hossegorren, Olaberrian, Sopelan, Seignossen, Urdulizen eta Zierbenan. Txapelketan zein jaialdietan Innpala palisten enpresaren jokalari guztiak arituko dira: Necol, Fusto, Gaubeka, Urrutia, Gordon...

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).