Aiora Gerekiz, Euskadiko txapelduna eta brontzea Espainian

a: Eider Etxeandia 2023ko uzt. 4a, 12:49

Aiora Gerekiz bederatzi urteko zaldun larrabetzuarra da. Gazte-gazterik izan arren, ibilbide oparoa du hipikan, dagoeneko titulu inportanteak lortu ditu eta. Aiorak saltoak egiten ditu poney gainean, eta aurten Euskadiko txapelduna izateaz gainera, brontzezko bi medaila eskuratu ditu Espainiako txapelketan; bata, bakarka, eta bestea, taldeka.

Larrabetzuarra B kategorian lehiatu da aurten. Eider Etxeandia bere ama da, eta kontatu digunez, oso denboraldi ona egin du Aiorak, eta balorazioa erabat positiboa da. “Are gehiago, hiru urtean beti egon da podiumean eta hori itzela da”. Aurten lehen aldia izan da Euskadiko txapelketan parte hartu duena, eta garaipena oso berezia izan da. “Adina dela eta, Nafarroako Hipika Federazioarekin lehiatu da aurreko urteetan, baina aurten Euskadiko Federazioan hasi da. Hasi, eta Euskadiko txapelketa irabazi; poz-pozik eta harro egoteko modukoa da”.

Espainiako txapelketan ere lan ezin hobea egin zuen Aiorak, bere poneyaren –Calie du Beaulieeu– gainean. Izan ere, bero handi-handia egonda ere, zaldunak zein zaldiak lan bikaina egin zuten, eta brontzezko bi domina eskuratu, bakarka eta taldeka. “Oso neketsua izan zen: alde batetik, beroagatik; eta bestetik, probetan poney askok hartu zutelako parte. Luze egin zen eta sarri ibili behar izan genuen Aiora zein zaldia freskatzen eta hidratatzen, ondo egon zitezen. Gainera, oso proba teknikoak egin behar izan zituzten”.

Bestalde, Aiorak Anagan Kopa ere irabazi du aurten 0,8 metroko kategorian, eta bosgarrena izan da Infanta Elena trofeoan. Azken trofeo hori hain zuzen duela bi urte irabazi zuen A2 kategorian, eta urte horretan ere Espainiako Kopa irabazi zuen A kategorian. Iaz, urrezko bi medaila lortu zituen Espainiako txapelketan, A kategorian; eta brontzea, Infanta Elena trofeoan. Aiora Lezamako Aretxalde Hipika Klubean entrenatzen da, eta aipatutako lorpenak dira lan gogorraren eta ahalegin handiaren emaitza. “Oporretan daude Aiora zein Calie; orain dagokie udaz gozatzea, atsedena hartu, eta ondo pasatzea. Indarrak berritu behar dituzte, irailean berriro entrenatzen hasteko eta Espainiako Poniclub Trofeoa eskuratzen ahalegintzeko”.

Datorren urtean Aiorak 10 urte beteko ditu, eta Etxeandiak azaldu digun moduan, erabakiak hartu beharko dituzte bere kirol-ibilbideari buruz. “Aztertuko dugu poneyekin lehiatzen jarraituko duen, edo zaldiekin lehiatzen hasiko den… Baina, bueno, hori datorren urteari begira izango da; orain udako oporrak disfrutatuko ditugu, eta gero gerokoak”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).