Programak helburu bikoitza du: alde batetik, Saharako umeek basamortu gordina utzi, eta, beste edozein umeren antzera, oporrez gozatzea; eta bestetik, Saharak bizi duen gatazkaren berri ematea. “Saharako umeek, euskal umeekin batera, esperientzia erabat ezberdina bizitzeko aukera izango dute Larrabetzuko udalekuan, inolako desberdintasunik gabe. Dieta orekatua emango zaie eta medikuarenera eramango dira. Era berean, hainbat hezkuntza-jarduera egiteko aukera izango dute, euskara zein gaztelania ikasiko dute eta gure bizimodua ezagutuko dute. Txangoak ere egingo dituzte parke naturaletara, kulturguneetara, hondartzara, mendira…”.
Ume sahararrak duela 30 urte inguru etorri ziren lehen aldiz Bizkaira. Hasieran familiek hartzen zituzten umeak, baina azken zazpi urteetan udalekuetan izan dira; Larrabetzuko udalekuan, haien artean. Udalekua “Oporrak Bakean” programaren barruan dago, eta haren bidez, errefuxiatuen kanpamentuetan bizi diren ume sahararrek bi hilabeteko oporraldia igarotzen dute Euskal Herrian. Horrezaz gainera, Euskal Herriaren eta Sahararen arteko kooperazioa sustatzen da.