Udako Master Laboral Kutxa Torneoa Larrabetzun aurkeztu dute

Aikor aldizkaria 2023ko uzt. 12a, 13:47

Larrabetzuko Eneko jatetxea pilotariz beteta egon da gaur goizean, Udako Master Laboral Kutxa emakumeen pilota torneoa bertan aurkeztu delako. Pilotariez gainera, besteak beste, kazetariak, Lezamako Pilota Klubaren lagunak eta Jon Ander Aurrekoetxea eta Iñigo Gaztelu Lezamako eta Larrabetzuko alkateak ere hurbildu dira ekitaldira. Txapelketa “orekatua” izango dela esan dute kirolariek.

Bost bikotek hartuko dute parte txapelketan: Arraiza-Mendizabal, Aldai-Oses, Etxegarai-Gaminde, Arrizabalaga-Galeano eta Garai-Capellan. Lehenengo partida, Aldai-Oses bikoteak eta Arraiza-Mendizabal bikoteak jokatuko dute elkarren kontra uztailaren 16an, Barakaldon, 18:30ean. Hurrengo asteotan ligaxka jokatuko da hainbat herritan: Gasteiz, Zarautz, Donostia, Bakio eta Lezo. Finalerdiak irailaren 13an jokatuko dira Galdakaon; eta finala, irailaren 29an, Hondarribian. Azken partida EITB1 kateak eskainiko du zuzenean.

Txapelketa Xaker Larrabetzuko enpresak antolatu du eta aurkezpenean Iker Amarika enpresaren kidea ibili da hizlari. Pilotariek txapelketari buruzko iritziak eman dituzte. “Pilotari gazteak gogor datoz; guk bidea ireki diegu eta gaur egun maila oso altua da. Txapelketa oso orekatua izango da, goi-mailako pilotariak daudelako eta bikoteen maila antzekoa da”, esan du Amaia Aldai iazko txapeldunak. Gainera, pilotakada batzuk eman dituzte Azurmendi jatetxearen atearen kontra. Pilota biguna erabili dute horretarako. Bukatzeko, kopaua eskaini da.

 

Informazioa:

www.emakumemastercup.eus

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).