Chiapasekiko elkartasuna Vespino gainean

bideoa: KHamalau 2023ko ira. 7a, 11:13

Abentura ederra bizi izan zuten Larrabetzuko lau lagunek eta Santutxuko beste lagun batek abuztuan. Izan ere, Hondarribitik Santiago de Compostelara bitartean 900 kilometro inguru egin zituzten, Chiapasen komunitate zapatistek jasotzen dituzten paramilitarren erasoak salatzeko. Bidaia oso modu berezian egin zuten, vespino motorren gainean, eta ibilbidean familia izan zuten bidelagun. 

Abentura honen protagonistak dira Atharratz Garcia, Antxon Zorrozua, Javi Herran, Mikel Tamayo eta Ivan Arias, eta beren bikotekideak eta seme-alabak. Kontatu digutenez, 2022ko urrian hasi ziren egitasmoa mamitzen. Haietako bik motorrak konpontzen dituzte, eta vespinoak erosi, konpondu, eta bidaia egiteko proposamena egin zieten gainerakoei; azken horiek proposamena onartu zuten, nola ez! Erabilitako produktuen marketplace batean erosi zituzten bost vespino, eta eguaztenero batzen ziren herriko poligono bateko partzela batean, motorrak konpontzeko; egitasmoari ipinitako izena, hain zuzen, konpontze-lanetan ibili diren lekuari dago lotuta: Khamalau.

Bestalde, lagunetako bat Lumaltik Herriak gobernuz kanpoko erakundearen (GKE) kidea da. GKE horrek kooperazio-proiektuak egiten ditu Chiapasen, Guatemalan eta El Salvadorren, eta gure protagonistek pentsatu zuten bidaia baliatu ahal zutela komunitate zapatistei elkartasuna adierazteko eta jasotzen dituzten paramilitarren erasoak salatzeko. Bidaiak, gainera, familia-kutsua ere eduki du, haiekin batera errepidean bikotekideak eta seme-alabak ibili direlako; autoan, hala ere.

Hondarribitik abuztuaren 5ean abiatu ziren Santiago de Compostelara, eta helmugara hilaren 9an ailegatu ziren. Bidaia bost etapatan egin dute: Hondarribitik Larrabetzura; Larrabetzutik Santillana del Marrera; Santillana del Marretik Gijónera; Gijónetik Ribadeora eta Ribadeotik Santiago de Compostelara. Etapetako bat edo bi bikotekideek egin zituzten vespinoen gainean.  “Gijónen komunikatu bat irakurri genuen Mexikoko kontsulatuaren aurrean, komunitate zapatistek bizi duten egoera salatzeko, eta testua bertan utzi. Era berean, Santiago de Compostelan geundela gutuna bidali genuen Mexikoko enbaxadara, Madrilera”. 

 

Abenturaz eta ezustekoz betetako bidaia izan da. “Motor zaharrak dira eta arazo eta matxura asko izan dituzte ibilbidean zehar: ozta-ozta ailegatu dira helmugara. Eskerrak gutako bat mekanikari trebea dela eta matxurak konpondu ahal izan ditugula!”. Ahal moduan konpontzen zituzten motorrak, baina batez ere pasatu diren herrietako jendearen solidaritatea eta jarrera azpimarratu dute. “Motorrak konpontzen lagundu digute, eta piezaren bat behar bagenu, hori topatzen. Are gehiago, euren motorren piezak eman dizkigute, eta azken-aurreko etapan, Ribadeon, gaua eta nahiko berandu zela, baserri bateraino lagundu ziguten motorretako batek behar zuen pieza baten bila, hurrengo egunean Santiagora abiatu eta bidaia amaitu ahal izateko”. Gau baterako ostatua topatzea ere zaila izan da, baina familiek emandako laguntza logistikoari eta egindako kudeaketei esker lortu zuten guztiontzako aterpea topatzea.

Bizkarrean kilometro asko eta hainbat pasadizo zituztela ailegatu ziren Santiago de Compostelara. Helburuari helduta, landetxe batean eman zituzten hurrengo lau egunak, indarrak berritzen eta hurrengo abentura pentsatzen. Etxera itzultzeko, furgoneta handia hartu zuten alokairuan. Vespinoak bertan sartu, eta egindako kilometroak atzera egin zituzten. Orain, motorrak prest ipini beharko dituzte hurrengo abenturarako.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).