Edestiaurre Arkeologia Elkartea indusketa-lanak egiten dabil Gaztelumendin. Lanak uztailaren amaieran hasi ziren eta 2025. urtera arte luzatuko dira. Zehatz-mehatz, Gerra Zibileko lau metrailadore-kokagune aztertuko dituzte, eta dagoeneko haietako batean izan dira lanean: aurkikuntzak gaur arratsaldean, 19:00etan, aurkeztuko dituzte Larrabetzuko Anguleri jauregian. Egitasmoaren aurkezpenean azaldu dutenez, Gaztelumendikoa da Burdin Hesiko gunerik garrantzitsuenetarikoa, 1937ko ekaineko batailan frankistek hesia bertan hautsi zutelako; hortaz, espero dute leku horretan aztarna arkeologiko inportanteak topatzea, hala nola munizioa, esku-granadak eta obusak.