Horrela, udalaren esanetan, 30.000 euro zuzenduko dira 65 urtetik gorakoentzako bi proiektu garatzera, eta % 20 igoko da Gure Etxeari ematen zaion dirulaguntza. Herriko kultura- eta kirol-elkarteentzako dirulaguntzak ere % 20-30 igoko dira, eta jarraituko dute gazteei etxebizitza alokatzen laguntzen eta sortzaile gazteak babesten. Kultur Bilguneak antolatutako ekintzetarako diru-partida ere handitu da, eta Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoa babesten jarraituko da.
Bestalde, 40.000 euro zuzenduko dira eskolaren mantenua egitera, eta 15.000 euro, patioa konpontzen jarraitzera. Eskolan, Gym Berdea eta hezkidetza egitasmoak babesten jarraituko dute, gurasoen elkartearentzako dirulaguntza % 66 igoko da: 15.000 euro urtean. Era berean, 37.000 euro bideratuko dituzte memoria historikoa berreskuratzeko proiektuetara. Kirol-arloan, 2.500 euro zuzenduko dituzte kirolbilgunera, ekimen berriak abian jartzeko, eta hitzarmena sinatuko dute Olarreta Pilota Elkartearekin, pilota-eskolara 11.000 euro zuzentzeko.
Udalak adierazi moduan, emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuna sustatzen duten herri-ekimenak babestuko dira, eta udaletxean bertan ere aukera-berdintasunen plangintza bultzatuko da. Ingurumenari dagokionez, 10.000 euro bideratuko dira herrian energia berriztagarrien komunitate energetikoa sortzeko egitasmoari laguntzera; 2.500 euro, landare inbaditzaileak kentzera; eta 3.000 euro zabor organikoa batzeko sistema hobetzera.
Beste aldetik, 3.000 euro ipiniko dira etxebizitza eskuratzea errazteko ekintzetara, eta 8.000 euroko laguntza emango diote Kulturbilgunera. Ludotekarako eta umeen aisialdirako diru-partida % 40 handituko da, eta euskararen erabilerako plan estrategikoa martxan ipiniko da UEMArekin eta Mankomunitatearekin batera. Berritasun moduan, zaintza kolektiboaren egoeraren diagnostikoa egingo da eta horretara 15.000 euro bideratuko dira.
Larrabetzuko Udalak 390.462 euro zuzenduko ditu herrian hainbat proiektu egitera. Besteak beste, eskolako azpiegiturak eta haurreskolako jolas-eremua hobetuko dira, basoak erosi, kultura-azpiegiturak hobetu, udal-artxiboak digitalizatu, eta oinezkoentzako guneak atontzeko eta auzoak lotzeko lanak egingo dira.
Jakinarazi denez, 2024ko diru-sarreren % 56 Udalkutxatik datoz, % 32 herriko zerga eta tasetatik eta % 11 dirulaguntzetatik. Gastuen % 22 langileei dagokie, % 23 Mankomunitateak kudeatzen dituen zerbitzuei eta % 7,3 herriko taldeentzako laguntzei. Gastuen % 34,7 finkoak dira; % 12 udal-inbertsioetarako eta egitasmorako dira, eta % 1, mailegurako.