“Ez dut erantzukizun handi honekin jarraitzeko indar handirik, eta aldaketaren beharra daukat. Hemendik aurrera, aurrera begiratu eta gure herriko beste foro eta gune batzuetan ekarpenak egiten jarraitzea espero dut”. Beste alde batetik, aipatu du azken udal-hauteskundeak baino lehen jadanik erabakita zuela alkatetza 2025ean utziko zuela. “Zinegotzi-talde ona dago, ilusioz eta gogoz, onartutako gobernu-planari aurre egiteko. Irakats nezakeen guztia mahai gainean jarrita, gobernu-taldeak ondo egingo duela seguru nago. Nik laguntzeko prest jarraituko dut”.
Gazteluren esanetan, aurrerago idatzi edota hitz egingo du azken bederatzi urteetan bizi izandakoari buruz: “Gertatutakoa ezagutzera eman behar dudala sentitzen dut”. Bestalde, eskerrak eman dizkie bizilagunei “gertaera garrantzitsu batzuengatik”, baita alboan izan dituen senideei, lagunei eta pertsonei ere. Era berean, bere agintaldian alboan izan dituen zinegotzien eta langileen lana eskertu du. “Harro egoteko modukoa izan da Larrabetzuko alkatea izatea. Beti bihotzean eramango dudan esperientzia ahaztezina da, eta beti esan dut eta berriro esango dut: harro nago Larrabetzuz”.
Amaia Lekue alkateordeak Iñigo Gaztelu ordezkatuko du alkatetzan otsailaren 29tik aurrera.