“Oier Beldarrain Lazkano” sortzaile gazteentzako bekarako deialdia zabaldu du Larrabetzuk

Aikor aldizkaria 2024ko mar. 18a, 10:57

Bekak hiru helburu ditu: gazteen artean euskarazko sorkuntza bultzatzea, herriko kultura programazioan gazteek gazteentzat sortutako jardueren bidez eragitea eta gazteek sormena garatzeko aukera-guneak izatea. Larrabetzun erroldatutako 16 urtetik 35 urtera bitarteko gazteek parte hartu ahal dute deialdian, bakarka zein taldeka, eta lanak euskaraz izan beharko dira. Larrabetzuko Udalak 4.500 euro zuzenduko ditu bekara, eta proiektuak apirilaren 14ra arte aurkeztu ahalko dira.

Deialdira edozein lan aurkeztu ahalko da: musika, pintura, eskultura, literatura, antzerkia, bakarrizketa, poesia-emanaldia, bertsolaritza, zinema, komikia, ikus-entzunezko lana, dantza… Baita hainbat diziplina batzen dituen lana ere. Epaimahaiak, besteak beste, hauek hartuko ditu kontuan: proiektuaren kalitatea eta interesa, originaltasuna eta ezaugarri berritzaileak, proiektua garatzeko sorkuntza-prozesuari buruzko xehetasunak, bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa, genero-berdintasuna sustatzea eta Larrabetzu ezagutzera ematen duen proiektua izatea. Informazio gehiago hemen eskuratu daiteke.