Bizkaia Open torneoa Bizkaiko bost frontoitan jokatuko da: Bizkaia Frontoia, Armintza, Larrabetzu, Sopela eta Zierbena. Torneoa 13 jardunalditan egingo da eta lehena apirilaren 5ean izango da Bizkaia Frontoian. Larrabetzuko partida, bestalde, apirilaren 13an, 18:00etan, izango da herriko pilotalekuan. Finala ekainaren 8an jokatuko da, 17:00etatik aurrera, Bizkaia Frontoian. Torneoan sei bikote ibiliko dira norgehiagoka: Maldonado eta del Rio txorierritarrak; Madariaga eta Ibai Perez; Fusto eta Alkorta; Gaubeka eta Gordon, Gavillet eta Urrutia; eta Necol eta Moura.
Beste alde batetik, Emakumezkoen Larruzko Pilotako Bizkaia Paleta Txapelketa apirilaren 12an hasiko da eta partidak Bizkaia Frontoian egingo dira. Finala maiatzaren 5ean jokatuko da, 12:00etan. Txapelketan lau bikotek hartuko dute parte: Amaia Irazustabarrenak eta Leire Galdosek; Haizea Salanuevak eta Maider Ardanazek; Nagore Martinek eta Paula Gorostiagak; eta, azkenik, Naroa Saezek eta Leire Etxanizek.