Ernaik prestatutako ekintzei lotuta, goizean Bizkargira igoko dira Gernikatik (09:30), Zornotzatik (09:45) eta Larrabetzutik (10:00), eta 12:00etan mahaingurua egongo da Larrabetzuko plazan. Haren ostean, ekitaldia, bazkaria eta trikipoteoa izango dira, eta arratsaldean musika, Larru eta Lagunak taldearekin eta DJ Bizkargirekin.
Beste alde batetik, Bizkargi Gogoratuz elkarteak ekintzak antolatu ditu domeka goizerako: musika-animazioa, gudariak omentzeko ekitaldia, Aranzadiren lanak aurkeztea, dantza-agerraldia, Etxanoko nagusiaren ongietorria eta bertso-saioa, besteak beste. Era berean, arratsaldeko 5etatik aurrera txosna zabalduko da Larrabetzuko plazan; 18:00etan ekitaldia izango da eta 18:30ean erromeria egongo da Kittu taldeak girotuta; taloak ere egongo dira.