Larrabetzuko Udalak bat egin du panpa-lezkaren aurka borrokatzeko Estrategia Transnazionalarekin

Aikor aldizkaria 2024ko eka. 21a, 13:33

Panpa-lezka (Cortaderia selloana) landare exotiko inbaditzailea da, eta duela urte batzuk hura udalerritik desagerrarazteko ekimena martxan ipini zen Larrabetzun. Horrezaz gainera, udalak adierazpen instituzionala onartu, eta bat egin du panpa-lezkaren aurka borrokatzeko Estrategia Transnazionalarekin.

Hortaz, Larrabetzuko Udalak, bere aukeren eta eskumenen arabera, estrategiaren oinarriak betetzeko lan egiteko konpromisoa hartu du. Oinarri horien artean daude panpa-lezkaren presentzia eta hedapena murriztea eta gelditzea, erauzketaren ondorengo leheneratzea eta jarraipena, ikerketa, legeak eta finantzaketa eta eragileen erantzukizunak eta eskumenak.

Adierazpen instituzionalean jaso duten moduan, panpa-lezkak paisaiaren eta biodibertsitatearen kalitatea galtzea ekartzen du, ingurune naturalak hondatzen ditu, bertoko fauna eta flora kaltetzen ditu eta alergia sortzen du.