Etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren kudeaketa publikoa izateko mozioa onartu du Larrabetzuk

Aikor aldizkaria 2024ko uzt. 30a, 12:59

Enpresa pribatu batek kudeatzen du Txorierriko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua (SAD), eta haren langileak iaz hasi ziren mobilizatzen, euren lan baldintzak hobetzeko. Langileek mozioa sartu zuten Larrabetzuko udaletxean, osoko bilkuran zerbitzuaren kudeaketa publikoa izatea onartu zezaten. Udalak jakinarazi duenez, mozioa onartu dute EH Bilduren aldeko botoekin, eta EAJ abstenitu egin da.

Zerbitzuaren kudeaketa publikoa izateko aukera aztertzeaz gainera, zerbitzua pribatizatuta dagoen bitartean, langileen baldintza duinak bermatzeko, enpresa esleipendunari neurri hauek exijitzeko eskatu diote: prestakuntza-plana ezartzea, lanaldi jarraituak, arropa egokia, langileen mugikortasun geografikoa ahalik eta gehien murriztea, erabiltzaile baten etxetik beste erabiltzaile baten etxera ailegatzeko denbora benetan neurtzea, lan-arriskuak lan-osasunaren arabera baloratzea eta erabiltzaileen txosten pertsonalizatuak egitea.

Eredua aldatu arte, Txorierriko Mankomunitateak izan beharko lituzkeen betebeharrak ere zehaztu dituzte dokumentuan. Haien artean daude zerbitzuaren gutxieneko intentsitatea 60 minutuan ezartzea, erabiltzaileen senideei atseden-orduak eskaintzea, langileei laguntza teknikoak eskaintzea eta udalerri guztietan aparkatzea erraztea.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).