Osasun-itunean parte hartzeko eskatu dute OPA herri plataformek

Aikor aldizkaria 2024ko ira. 4a, 12:27

Osasungintza publikoaren aldeko herri plataformek osatzen dute OPA Herri Plataformak koordinakundea, eta haien artean Larrabetzuko plataforma dago (LOPA). Plataformek Alberto Martinez osasun-sailburuari eskatu diote ahalik eta lasterren bilera egiteko, euren kezka eta eskaera nagusiak azaltzeko eta Eusko Jaurlaritzak agintaldi honetarako osasun-politikaren arloan dituen asmoak ezagutzeko. Gainera, adierazi diote osasun-ituna egiteko prozesuan aktiboki parte hartu nahi dutela, “zeinera oraindik ez gaituzten gonbidatu”.

Koordinakundearen ustez, osasun-sistemaren egoera kritikoari erantzuna eman nahi dion akordioak “nahitaez eskatzen du eremu honetan aktiboenak diren herritarren sektoreek parte hartzea”. Horri lotuta, “ulertezina, onartezina eta jarrera demokratiko eskasaren erakusle” jotzen dute osasun-ituna herri-plataformen parte-hartze barik egitea”. Izan ere, gogora ekarri dutenez, “osasun-arreta publikoaren, duinaren, unibertsalaren eta kalitatekoaren aldeko aldarrikapenen buru” izan dira azken urteotan.