Sustatzaileek kontatu digutenez, asmoa da konpartsa bat osatzea, bere baitan ume, gazte zein heldu hartzeko eta herriko ekitaldiak girotzeko, hala nola Akarbaltz Gaua eta Maskarita Eguna. “Urte batzuk dira Lekittoko Deabruak jaietara etortzen direla, eta asko gustatzen zaigu euren ikuskizuna. Hori dela eta, Larrabetzun ere halako proiektua martxan ipintzea pentsatu genuen. Hasteko, hurrengo hauek jorratuko ditugu: piroteknia, hankapaluak eta danborrak”.
Larrabetzuko etxafleruek ikuskizun berezia antolatu dute taldearen aurkezpenari begira, eta bertan, besteak beste, sua eta danborrak izango dira protagonistak. Azkenik, aurreratu dutenez, urrian hiru tailer egingo dituzte: maskarak, hankapaluak eta danborrak.