Etxafleruek taldea sortu da Larrabetzun

b: Larrabetzuko etxafleruak 2024ko ira. 16a, 13:45

Larrabetzun, piroteknia, animazioa eta perkusioa uztartzen dituen talde berria sortu da: Larrabetzuko etxafleruek. Taldea barikuan, irailak 13, aurkeztu zuten jendaurrean.

Sustatzaileek kontatu digutenez, asmoa da konpartsa bat osatzea, bere baitan ume, gazte zein heldu hartzeko eta herriko ekitaldiak girotzeko, hala nola Akarbaltz Gaua eta Maskarita Eguna. “Urte batzuk dira Lekittoko Deabruak jaietara etortzen direla, eta asko gustatzen zaigu euren ikuskizuna. Hori dela eta, Larrabetzun ere halako proiektua martxan ipintzea pentsatu genuen. Hasteko, hurrengo hauek jorratuko ditugu: piroteknia, hankapaluak eta danborrak”.

Larrabetzuko etxafleruek ikuskizun berezia antolatu zuten taldearen aurkezpenari begira, eta bertan, besteak beste, piroteknia izan zen protagonista. Azkenik, aurreratu dutenez, urrian hiru tailer egingo dituzte: maskarak, hankapaluak eta danborrak.