Koordinakundearen esanetan, hortaz, “agerian gelditu da Kontseilaritzak ez duela nahi euskal gizartearen parte batek itunean parte hartzea. Hori dela eta, erabaki dugu ez garela joango edukirik gabeko eta Osasun Itunik kanpoko aldebiko bilera gehiagotara. Era berean, salatu nahi dugu Eusko Jaurlaritzaren Osasun Kontseilaritzaren helburua izan dela aurpegia garbitzea eta koordinakundea Itunetik kanpo mantentzen jarraitzea”.
Beste alde batetik, koordinakundeak idazkari teknikoari helarazi dio oso kritikoa dela itunaren metodologiari eta diagnostikoari buruz. “Eztabaida plurala, demokratikoa eta gardena eragozten duelako; euskal osasun publikoaren egoeraren gaineko benetako diagnostikorik jasotzen ez delako; Osakidetza egoera larrira eraman duten zergatien baloraziorik ez dagoelako, eta hortaz, ezinezkoa da benetako konponbideak topatzea; pribatizazioa eta horrek osasun publikoan dituen eragin negatiboak batu ez direlako; eta murrizketen eragina eta lehen arretaren narriadura aztertzen ez direlako”.