Iaz, herrian egiten diren zaintza-lanei buruzko diagnostikoa egin zen, eta, jakinarazi moduan, 2025ean plan bat diseinatuko da hurrengo urteetan garatzeko. Horretara 10.000 euro bideratuko dira. Euskarari dagokionez, AROA proiektuaren baitan, 18.000 euro ipiniko dira datozen 10 urteetarako ekintza-plana osatzeko. Gainera, 2.000 euro zuzenduko dira euskara ikasten dabiltzanei laguntzera. Udalak 27.000 euroko diru-partida izango du kultura-ekintzak antolatzeko, eta diru-kopuru horretatik 8.500 euro bideratuko dira Kulturbilgunearen ekintzetara. Gurasoen elkarterako diru-laguntza handituko da, 17.000 euro guztira, eta 6.500 euro zuzenduko dira Larrabetzuko Umeen Kontseilura.
Umeentzako aisialdi-eskaintza hobetzeko asmoa du udalak, eta hori dela eta, 60.000 eurora handitu du horretarako diru-partida. Era berean, 18.000 euro bideratuko ditu 2024an martxan ipinitako Akergunea gazteentzako txokora. Hirurogeita bost urtetik gorako pertsonen osasuna eta arreta hobetzeko, zahartze aktiboaren egitasmoarekin jarraituko dute (20.000 euro), eta 3.000 euroko laguntza emango diote Gure Etxeari. Era berean, 37.000 euroko diru-partida onartu da memoria historikoa berreskuratzeko, eta 12.000 eurokoa, kirol-ekintzetarako. Kirolbilgunera 2.500 euro bideratuko dira, eta 20.000 euro ipiniko dira kirol-instalazioak hobetzeko.
Beste alde batetik, 15.000 euroko diru-partida egongo da aukera-berdintasunari lotutako ekimenak garatzeko, eta 1.000 euroko diru-laguntza emango zaio Zutunik talde feministari. Azkenik, 5.000 euro zuzenduko dira energia berriztagarrietara; 10.000 euro, nekazaritza-sektorera; eta 25.000 euro, baso-lurrak erostera. Bost mila euroko dirulaguntza ere egongo da, baserrietan egiten diren lanak ordaintzen laguntzeko.
Inbertsioei dagokienez, udalak esan du 30.000 euro jarriko direla eskolako sarrera handitzeko. Leiho berriak ere ipiniko dira (20.000 euro), eta 15.000 euroko inbertsioa egingo da patioa eraldatzeko proiektuan. Haurreskolako sarreran estalki berria ipiniko da (20.000 euro). Goikolexea eta Alaio auzoak mendi-bide baten bidez lotuko dira (130.000 euro), eta bidea egingo da Gaztelumendi eta Errebale kaleak lotzeko (80.000 euro).