Bizkargi dantza-elkarteko kideek adierazi dutenez, duela hilabete batzuk Xabi Solano haiekin ipini zen harremanetan, Miribillako kontzertuan zerbait berezia egiteko asmoa zutela esateko. “Erre zenituzten abestiak oso oihartzun handia izan du eta oso esanguratsua izan da taldearen historian. Horregatik, Esne Beltzaren azken kontzertuan Bizkargik ere parte hartzea oso polita izango zela esan zigun. Baietz erantzun genion, eta prestatu genuen Esne Beltzak egindako abesti-moldaketa berria, azken biran erabili duten estilora egokitzeko. Kontzertuari amaiera bikaina emateko modua izan zen, bisetan jo zutelako, subidoi handiko momentuan”.
Orain dela zazpi urte, Bizkargi dantza-elkarteko dantzari gazteek koreografia egin zuten Xabi Solanoren Erre zenituzten abestian oinarrituta, eta Gaizka Peñafielek eta Asier Olazarrek bideoklipa egin zieten. Bideoklipa YouTuben eskegi zuten eta biral egin zen. Ia bost milioi ikustaldi ditu gaur egun.