Futbol-entrenatzaile gazteentzako ikastaroa egingo dute Larrabetzun

Aikor aldizkaria 2025ko ots. 5a, 13:37

Ikastaroa Uritarrak taldeak eta Larrabetzuko Udalak antolatu dute, eta helburua da entrenatzaile gazteei taldeak kudeatzen jakiteko oinarrizko ezagutzak ematea. Ikastaroa Amaia Olabarrieta Athleticeko jokalari ohiak eta entrenatzaileak zuzenduko du, eta bertan lezamarrak sortutako edukiak eta bere gaitasuna eta esperientzia izango dituzte ardatz.

Ikastaro praktikoa izango da, eta oinarri pedagogikoak eta psikologikoak landuko dira, eskola-kiroleko entrenatzaileek ezinbesteko oinarria barneratu dezaten. Landuko diren atalak hauek dira: entrenatzaileak hezitzaile moduan dituen esku-hartzeak, umearen psikologia futbolean, ume eta gurasoekin komunikazio eraginkorra, haurrentzako entrenamenduak planifikatzea eta bideratzea eta emakumea eta futbola. Ikastaroa Errebale futbol-zelaian egingo da.