Erletxe eta Larrabetzu arteko bizikleta-pista eraikitzeko lanak hasi dira

Aikor aldizkaria 2025ko mar. 7a, 10:24

Carlos Alzagak, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru-diputatuak jakinarazi duenez, hasi dira Erletxe eta Larrabetzu artean bizikleta-pista eraikitzeko lanak. Bizikleta-pista 3,4 kilometroko azpiegitura da, eta leku ireki, parke, lorategi eta basoetatik igaroko da. Txirrindularientzako eta oinezkoentzako ibilbideak batuko ditu, eta trafiko motordunetik erabat isolatuta egongo da.  

Tarte hori da L2 arteria nagusiaren parte. Zehatz-mehatz, Lutxana (Erandio) eta Erletxe arteko Txorierriko ardatza da, eta Bizkaiko Bizikleta Bideen 2023-2035eko Plan Sektorialeko bizikleta-bideen xede-sarearen barruan dago. Enbor-ardatz hori 18,6 kilometro luze da, eta bigarren mailako hiru adar ditu; guztira 38,9 kilometro.  

Pista BI-2713 errepideko 11+100 KParen parean hasiko da, Ertletxeko industrialdean sartzeko bidegurutzetik oso hurbil. Oinezkoentzako eta txirrindularientzako bidezidorrak bereizita ailegatuko dira puntu horretaraino, eta bertan bat egingo dute Larrabetzurantz, Txorierriko korridorearekiko paraleloan. Ibilbidean pasagune batzuk egongo dira, hala nola Artola auzoan eta autobideko irteeran, handik ibiltzea errazteko eta biribilgunea eta Aretxabalgane erreka gainditzeko. Era berean, Delicass enpresaren parean, bizikleta-pista beste ertzera aldatuko da. Pista Larrabetzun amaituko da, BI-3713 udal-errepidean, udalerriko industrialdean sartzeko bi bidegurutzeetako baten ondoan. Lanak egiteko aurrekontua 11,7 milioi eurokoa da, eta Europako funtsek kofinantzatzen dute. Aurreikuspenaren arabera, lanek 2026ko amaierara arte iraungo dute.  

Beste alde batetik, Aldundiaren helburua da bizikleta-pistari jarraipena ematea Lezamarantz, Zamudiorantz, Deriorantz eta Zornotzarantz. Horretarako, Erletxe-Boroako bizikleta-pista egingo da. Azken horrek 4,5 kilometro izango ditu, eta lanak laster hasteko asmoa du Aldundiak. Lanek 20 bat hilabete iraungo dute eta 16 milioi euroko aurrekontua izango dute.