‘No other land’ dokumentala emango dute gaur arratsaldean Larrabetzun

Aikor aldizkaria 2025ko mar. 25a, 11:49

No other land dokumentala zuzendu du lau aktibista palestinarrek eta israeldarrek osatutako kolektiboak: Basel Adra, Hamdan Ballal, Yuval Abraham eta  Rachel Szor. Zuzendu duten lehen lana da, eta bertan Cisjordanian bizi den egoera hurbiltzen diote ikusleari. Lanak Berlinale jaialdian lortu zituen bi sari iaz: dokumentalik onenaren Panorama publikoaren saria eta zine dokumentalaren saria. Aurten, gainera, dokumentalik onenaren Oskar saria jaso du. Dokumentala gaur, martxoak 25, 19:00etan ikusteko aukera dago Larrabetzuko ludoteka gaineko aretoan. Larrabetzu Palestina Elkartasun Taldeak antolatutako ekintza da.

Beste alde batetik, hainbat komunikabidek jakinarazi dutenez, kolono israeldarrek eraso egin zioten atzo, martxoak 24, Ballali. Zauriak ditu buruan eta urdailean, eta soldadu israeldarrek atxilotu zuten anbulantzian ospitalera zihoala. Ballalek base militar batean eman du gaua, eta aske utzi dute orain dela gutxi.