Horrela, 13:00etatik aurrera kalejira izango da Kittu taldearekin, eta 14:00etan, tortilla txapelketa eta otzara erraldoiaren zozketa. Apar-jaia eta zezen mekanikoa egongo dira 17:30ean, eta 19:30etik aurrera Sakatu elektrotxarangak girotuko ditu herriko txokoak. Eguna biribiltzeko, Dominguez mariatxien musika-saioa hasiko da 23:00etan.
Ondo gogoratzen ez badute ere eta gai eztabaidatsua izan arren, D´Sastre koadrilakoek diote aurtengoa 19. Koadrila Eguna dela. Azaldu dutenez, hasieran herriko koadrila guztien artean prestatzen zen egitaraua, baina gaur egun koadrila batek antolatzen du eta beste koadrila bati pasatzen dio lekukoa, hurrengo urteko Koadrila Eguna antolatu dezan: abuztuaren 13ko herri afarian –jaietan daude Larrabetzun– jakinarazten dute zein koadrila den.
“Jai autogestionatua da, eta koadrila antolatzaileari dagokio egitaraua erabakitzea eta diru-iturriak asmatzea. Larrabetzuarren artean oso harrera ona duen eguna da, eta urte hauetan guztietan otzararen zozketari esker egin ahal izan da. Herritarrek, komertzioek, zerbitzuek, elkarteek, artisauek… laguntzen dute otzara betetzen. Mila esker haiei!”. Ume, gazte zein helduentzako eguna izatea nahi dute antolatzaileek, eta, bide batez, hurrengo mezu hau helarazi nahi diete koadrilei: “Ondo pasatu pasatu barik, zaindu herria, eta denon artean ahalegindu gaitezen kalea aurkitu dugun moduan uzten”.