Larrabetzun osasun publikoaren alde elkarretaratzeko deia egin dute gaurko

Aikor aldizkaria 2025ko eka. 19a, 10:56

OPA Herri Plataformak osasun publikoaren aldeko elkarretaratzeak antolatu ditu gaurko, ekainak 19, Euskadiko hainbat ospitaletan eta osasun-etxetan, eta herritarrei bertan parte hartzeko deia egin die. OPAren baitan dago Larrabetzuko plataforma (LOPA), eta, hortaz, herriko osasun-etxean elkarretaratuko dira 18:45ean.

OPA Herri Plataformak balorazio kritikoa egin du Euskadiko Osasun Itunari buruz, bere ustez, ez dagoelako neurri zuzentzaile eraginkorrik eta pribatizazio-politikek jarraitzen dutelako. Hortaz, presio soziala mantentzea ezinbestekotzat jo du, eta elkarretaratzera deitu die sindikatuei, pentsiodunei, elkarteei eta gazteei. Gainera, uda osterako ere mobilizazioak antolatuko dituztela aurreratu dute, “herritarrek benetako irtenbideak exijitzen dituztelako, eta ez promesa hutsak”.

Adierazi dutenez, “Osasun Itunari falta zaio gardentasuna eta pribatizazioaren aurkako ahotsak prestatze-prozesutik kanpo utzi dira. Bitartean, unibertsitate pribatuak eta Confebask patronala bihurtu dira protagonista, osasunarekin negozioa egiteko interesa dutenak”. Plataformaren iritziz, “prozesua opakua eta antidemokratikoa izan da eta arazo nagusia saihestu du: pribatizazioa eta lankidetza publiko-pribatuaren politikak”.

Bestalde, OPA Plataformak osasun publikoa indartzen duen eta pertsona guztien osasun-eskubidea bermatzen duen osasun-eredua proposatzen du, eta horretan hainbat neurri jaso ditu, hala nola osasun publikoa % 100ean bermatzea, pribatizatutako zerbitzuak publiko bihurtzea, osasun-inbertsioa handitzea, aurrez aurreko arreta berreskuratzea, langileen egoera egonkortzea, itxarote-zerrendak murriztea eta osasun mentalera baliabide gehiago bideratzea.