“Baratzeak nola suntsitzen dizkieten ikusten dute, beraien olibondoak nola mozten dituzten, bere umeek gosez negarrez entzuten dituzte, etorkizuneko belaunaldiak erailtzen dituzte, laguntza humanitarioaren murrizketa ankerra jasaten dute… Hitz batez esanda, genozidioa”, irakurri zuten. “Zoritxarrez, Gazan eta Palestina osoan gertatzen ari dena ez da tragedia humanitarioa bakarrik; nazioarteko komunitatearen porrota da, beren elite politiko eta ekonomikoen interesen gatibu. Munduak behin eta berriz Palestina herriari huts egitea ez da berria; ez dezagun ahaztu aurten 77 urte bete direla Nakbatik, non hasiera eman zitzaion gaur egun bizi duten egoera izugarriari. 1948 urtera atzera egin behar dugu, israeldarrek asentamendu berriak sortzeko Palestinako 700.000 pertsona euren etxe eta lurretatik kanporatu zituzten egunera. Gure herrien artean kilometro asko dauden arren, beraiekin gaude une oro, eta ez dugu etsiko egoera krudel hau salatzeko ahaleginean. Palestinako herria jasaten ari den genozidio anker honekin amaitzea exijitzen dugu. Doakie hemendik gure elkartasuna eta besarkadarik beroena”.