Berriki ezagutu diren irudien artean, Larrabetzuko Goikoelexalde auzoan grabatutakoak daude. Maiatzaren 13an hegazkin alemaniarrek Bizkargiko posizioa bonbardatu zuten enegarren aldiz, eta gudariek Heinkel He 51 ehiza-hegazkin bat botatzea lortu zuten. Pilotua atxilo eraman zuten Bilbora eta hegazkinaren arrastoak Goikoelexaldera jaitsi zituzten. Irudietan hainbat gudari ageri dira arrastoak ikertzen eta kamioi batera igotzen. Horien atzean auzoko eskola eta harrizko gurutzea ikus daitezke.
Robert Petiot Eusko Jaurlaritzarako eta AEBtako Hearst Metrotone News albiste agentziarako zebilen lanean. Euskal gobernuak gatazkaren berri eman nahi zuen atzerrian, baina garestiegia suertatzen zitzaion berri emaile bat kontratatzea. Horregatik akordioa egin zuten albiste agentzia amerikarrarekin, kamarografoaren kostuak elkarbanatzeko.
Hearst Metrotone garaiko albiste agentzia handienetakoa zen. William Randolph Hearst handikia zen jabea, Orson Wells zinemagileak Citizen Kane filmean maisuki erretratatu zuena. Mundu osoko irudiekin sortutako albistegiak Metro-Goldwyn Mayerren zinema aretoetan proiektatzen zituen Hearstek, pelikulak hasi aurretik. Milioika estatubatuarrek ikusten zituzten telebistaren aitzindari izan ziren albistegi horiek. Petioten irudiak ere erabili ziren, ahots narratzaile batekin ikus-entzunezkoak sortzeko. Baina Goikoelexaldeko irudiak ez omen ziren zinemetan ikusi; baztertu egin ziren eta ilunpetan egon dira, orain gutxira arte.
Californiako Unibertsitatea eta The Packard Humanities Institute irudiak berreskuratzen ibili dira azken urteetan. Espainiako Gerra Zibileko 288 film digitalizatu dituzte orain arte, denak 1936 eta 1939 urteen artean errodatutakoak. www.newsreels.net webgunean daude ikusgai guztiak, eta aikorrek aldizkarian zein webgunean argitaratzeko baimena lortu du. Hala ere, hauek ez dira Txorierriko irudi bakarrak, beste herri batzuk ere ageri dira grabazioetan eta laster webgunean eta hurrengo aldizkarian izango ditugu ikusgai.