Larrabetzun Panpa-lezkarik Ez taldeak landarearen hedapena geldiarazteko ale guztiak moztuko ditu

Aikor aldizkaria 2025ko uzt. 8a, 13:45

Uztailaren 15etik abuztuaren 15era arte saiatuko da espezie exotiko inbaditzailea kentzen, eta gogorarazi du legeak behartzen dituela lursailen jabeak bere lurretan berdina egitera.

Udarekin panpa-lezkaren hedapena geldiarazteko “data kritikoak” hurbiltzen direla ohartarazi du Larrabetzun Panpa-Lezkarik Ez taldeak. Hori dela eta, ale guztiak moztuko ditu uztailaren 15etik abuzutaren 15era arte. Gainera, gogorarazi dute legeak behartzen dituela lursailen jabeak bere lurretan berdina egitera, horregatik, plataformaren kideek animatzen dituzte “egindako lanaren fruituak finkatzera” mozketarekin bat eginez.

“Horrela panpa-lezkei eragotziko diegu haziak daramatzaten luma-motosak ekoiztea. Gure soloak sakabanatuko ziren milioika hazietatik aske geratu dira, eta horrela ez dira ugalduko”, adierazi dute.