Saharako umeei ongi etorria emango die Larrabetzuk

Aikor aldizkaria 2025ko uzt. 15a, 14:41

Uda Txorierrin pasatzera etorriko diren 22 haur eta gazteri harrera egingo diete akerrek plazan uztailaren 19an, zapatuan, 13:00etan.

Eguenean Saharako 22 neska-mutil helduko dira Txorierrira, urtero legez gurean uda pasatzeko. Hori dela eta, Larrabetzuko Udalak ongi etorria antolatu du zapatuan, uztailaren 19an. Beraz, 13:00etan Saharatik etorritako umeei harrera egiteko aukera izango dute akerrek plazan.

Abuztuaren amaierara arte Larrabetzuko Eskola aterpetxe gisa erabiliko dute 10 eta 11 urteren arteko ume hauek. Alabaina, beste urteetan uztailaren hasieran etorri baziren, aurten beranduago heldu dira, antolakuntzatik azaltzen dutenez: “Uztailaren 1ean heltzekoak ziren, baina bisekin arazoak izan ditugu eta hamabost egun itxaron behar izan dute”.