Espainiako Auzitegi Gorenak tokiko erakundeetan euskara lehenesten duen arauaren hainbat artikulu baliogabetzea berretsi du “koofizialtasuna urratzen” dela ebatzita. Hori dela eta, Udalerri Euskaldunen Mankomuntiateak (UEMA) elkarretaratzeak deitu ditu uztailaren 19rako, eta bere kide diren 118 udalerrriei bat egiteko eskatu die, tartean Larrabetzu.
2019an Eusko Jaurlaritzak 79/2019 dekretua plazaratu zuen, toki-erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzkoa; baina Voxek horren aurka errekusazio bat jarri zuen. 2023an EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion eskuin muturreko alderdiari, eta hainbat artikulu baliogabetu zituen, orain erabakia berretsi egin du Gorenak.
Horregatik, “Euskararekin bat” lelopean elkarretaratzea egitera deituta daude UEMAko 118 kide, tartean Txorierriko kide bakarrra den Larrabetzu. Udalak bat egin du deialdiarekin eta uztailaren 19rako, zapaturako, mobilizazioa deitu du, udaletxearen aurrean 12:00etan.
Jaurlaritza kezkatuta
Eusko Jaurlaritzak jarritako errekurtsoari erantzuten dio Auzitegi Gorenaren erabakia, eta kezkaz hartu du Imanol Pradalasen exekutiboak. “Erabaki politikoak judizializatzen hastea da kezkak sorrarazten diguna [...] orain aztertu egin beharko da zein bide dauzkagun. Halere, udal bakoitzak badauzka bidea egiteko eskumenak, oztopoak oztopo guk gure bidea egiten jarraituko dugu”, adierazi du Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Euskadi Irratin egindako elkarrizketa batean.