San Inazio Bizkaiko patroiaren zubiarekin batera egingo dira hainbat ekitaldi erlijiotsuak lurraldean, baita Aldundiak antolatzen duen harrera-ekitaldia ere. Halere, gurean Hori Bai Gaztetxeak laikoak diren bi egun antolatu ditu datozen egunetarako: Hori Bai Eguna eta Gazte Eguna.
Lehena izango da, hain zuzen ere, uztailaren 31n egingo dena. Eguerdian hasiko dira txistulariak martxan, ondoren, oroigarri plaka bat jarriko dute gaztetxearen parean, Berakatz taldeak kontzertua eman baino lehen, eta goiza amaitzeko bazkaria egingo dute. Bazkalostean Mus Txapelketan eta ‘Nork daki?’ jolasan arituko dira gazteak. 19:00etan omenaldia egingo diete ohiko kideei eta ordu erdi beranduago Atrikipunk eszenatokira igoko da.
Zapaturako egun osoko egitaraua aurreikusten du Hori Bai Gaztetxeak, Gazte Eguna baita. Goizean zehar poteoa girotuko du Kittu taldeak, eta euskal kanta ezagunak estilo propioarekin abestuko dituzte kalez kale. 15:00etan bazkaria egingo dute, baina dagoeneko izena emateko epea amaitu da.
Arratsaldearekin batera olinpiadak hasiko dira, hainbat jokoak dituzte prest Larrabetzuko gazteek 19:00ak arte, Hatortxu Rock festibalan egon berri diren Elektrokela elektrotxarangaren txanda izango baita. Ostean, gaztetxeen aldeko manifestazioa eta ekitaldia egingo dute. Afaltzeko eten txiki bat egingo dute eta 23:00etan plazan Naxker, TOC, Biznaga eta Skabidean taldeen kontzertuak egingo dira. Gainera gauerdian Hori Bai Gaztetxean Stepsikeletah, Santa Klaux eta Elena Barker artistak ikusteko aukera izango da.