Castell ikuskizunak, herriko artistak eta aparteko giroa Larrabetzuko jaiak ospatzeko

Aikor aldizkaria 2025ko uzt. 30a, 10:28

Intxurreta jai-batzordeak egitarau zabala antolatu du Andramari eta Emeterietarako, herritarren laguntzarekin. Aurten, Hori Bai Gaztetexeak botako du txupina bere 60.urteurrena baita.

Urtero legez Intxurreta jai-batzordeak egitaraua prestatu du abuztuan zehar, akerrek Andramariak eta Emeteriak ospa ditzaten. Akarmari prest dago Larrabetzuko jaietan gozatzeko, eta berarekin batera arituko dira txistulariak eta Paskula, Matxin eta Akarbaltz buruhandiak;  musika eta bertako artistak ere ez dira faltako. Gainera, 10 urte betetzen direnez Colla Castellera Minyons de Terrassa taldeak Larrabetzun emanaldi bat eman zuenetik, aurten Castells egingo dira Larrabetzuko jaietan.

Ohitura denez, txupinazoaren aurreko egunetan umeen eta helduen futbol-txapelketarekin hasiko da egitaraua. Abuztuaren 12an 17:00etan izango dira txapelketaren kanporaketak, eta hurrengo egunean ordu berean finalaurrekoak eta finala jokatuko dira. Abuztuaren 9a baino lehen eman daiteke izena igerilekuan edo intxurretajaibatzordea@gmail.com helbide elektronikora idatziz.

Horren ostean,  hilaren 13an, eguaztenean, Paul Zorrozua Intxurreta Jai Batzordeko kidearen ustez, “jaietako ekintzarik garrantzitsuenetako bat” izango dute akerrek 20:00etan: herri-afaria. Plazan elkartzeko eta jateko aukera izango dute, eta, ondoren, 22:30etan Kantuz Kantu hasiko da. Bi zatitan banatzen da ekintza hau: batetik, herriko musikariek bizilagunekin kanta batzuk abestuko dituzte; bestetik, talentu lehiaketa egingo da, non herritarrek izena emateko aukera daukaten. Banaka, binaka edo kuadrillaka parte har dezakete, eta txosnetan apuntatu behar dira; dagoen baldintza bakarra euskaraz egitea da.

Eguenarekin batera txupinazoa helduko da, baina aurten hori baino lehen triatloi herrikoia berreskuratu dute: “Orain dela 8 edo 10 urte egiten zen eta jende askok parte hartzen zuen, oso arrakastatsua zen”. 17:00etan izango da, eta, ostean, txupinazoari ekingo diote.

Aurten, txupina Hori Bai Gaztetxeak botako du, bere 60. urteurrena baita. “Aukera onena eta logikoena zela erabaki genuen”, dioenez Paul Zorrozuak. Haiekin arituko dira Akarmari, erraldoiak, buruhandiak eta iazko omenduak: herriko txistulariak. Jarraian Ustekabe txaranga eibartarra kalez kale joango da giroa berotzeko. “Iaz izan zuten harrera ikusita, aurten mantentzea erabaki dugu”, dio Zorrozuak.

Gaueko 22:00etan hasiko da Diskodantza, batez ere umeentzat, baina gauerako “beroketa lana” izan daiteke helduentzat, dioenez Jai Batzordeko kideak. Gauerdian erromeria hasiko da Bide Batez taldearen eskutik, eta  3:00ak arte luzatuko da, ondoren, Lesakako Fifi ta Fefa DJak izango dira girotzearen arduradunak gaua amaitu arte.

Abuztuaren 15ean, barikuan, “egun potoloa” helduko da Andra Mari eguna baita. Goizetik hasiko da programazioa: Akarmari, txistulariak eta buruhandiak kalejiran irtengo dira 11:00etan, eta 12:00etan dantza ikuskizuna emango du Larrabetzuko Bizkargi Dantza Elkarteak. Jarraian, eta goizari amaiera emateko, Ustekabe txaranga kalez kale ibiliko da berriro 15:30ak arte.

Bazkaltzeko etena eta gero, 18:30etan karrozak egongo dira. Hori baino lehen, 18:00etan, Elkartegian desfilerako ordena zozketatuko da. Urtero gutxi gorabehera 16 kuadrillak parte hartzen dute desfile honetan: “Kalea beteta egoten da,  eta herritarrek itzelezko harrera egiten diote desfilearei; asko gustatzen den jardueretako bat da”. Karrozek ikuskizun txiki bat egingo dute plazan, askoz jota bi minutukoa.

Aurtengo jaietarako sorpresa txiki bat prestatu du jai-batzordeak, eta barikuaren 20:30etan izango da: orain dela 10 urte etorri zen Colla Castellera Minyons de Terrassa taldea berriro etorriko da Larrabetzura, bere Castell ikuskizunak erakusteko. “Hamar urte bete direnez,  gurekin harremanetan jarri ziren herrira itzultzeko, jendeak ez du espero, baina poztasun handiz hartuko du”, aitortu du Paul Zorrozuak. 200 lagun inguru etorriko dira abuztuaren 15ean, eta emanaldia egiteaz gain, herritarrekin batera ere egingo dituzte Castell ikusikizunak: “Katalunia eta Euskal Herriaren arteko anaitasuna agerian geratuko da”.

Gauerdian Zirkinik Bez taldearen eskutik gozatzeko aukera izango dute, eta, ondoren, DJ Reimyren txanda helduko da. Aurten kalez kale joan beharrean, plazan egongo da modu finkoan gaua amaitu arte.

Zapatuarekin, abuztuaren 16arekin, Andramariei amaiera emango diote akerrek. Kalejirak girotuta hasiko da goiza, eta 11:30etatik aurrera puzgarriak izango dira igerilekuetan. 13:00etan Kantarrana Band taldeak musika joko du. Ostean, Txinpasmendi gurasoen elkartearen eskutik, umeen bazkaria izango da 14:00etan, eta ordu erdi beranduago sukalki txapelketa egingo da. Bazkalostean umeen jolasak egongo  dira plaza inguruan, eta euria egiten badu eskolako aterpean.

Arratsaldean poteo rallya izango da, eta hainbat erronkari aurre egin beharko diete kuadrillek herriko tabernetan. 20:00etan Elektrotxorongok herria gauerako berotuko du. 23:00etan dantza lehiaketa izango da, bikoteek zerrenda baten 8 abesti dantzatu beharko dute, baina ez dute jakingo zein diren eszenatokira igo arte; parte hartzeko izena eman beharko da txosnetan. Eguna Trikizioren erromeriarekin amaituko da.

Emeteriak
Halere, jaiak ez dira amaituko Andramariekin, handik bi astera Goikolexea auzoan Emeteriak ospatuko dira. Txupinazoa abuztuaren 30ean botako dute, 12:30etan, eta hori baino lehen 11:30etan Zirko tailerra egingo da lehenengo aldiz. Ondoren, apar-jaia egongo da txokoan. Marmitako txapelketa 14:30etan izango da, baina hori baino lehen 10:00etan  aulkiak eta mahaiak bananduko dira. Arratsaldean Mus eta Briska-txapelketak izango dira, eta 18:00etan kalejira. Hau amaitzean Kalean txarangaren txanda helduko da, gutxi gorabehera 22:30 arte egongo dira, momentu horretan etxafleruek bere piroteknia espektakulua egingo baitute.  Amaitu ondoren Zutik erromeria taldea hasiko da, eta ostean Behekosolo eta Matrakas herriko Djak agertokira igoko dira.

Domeka txori harraparien erakusketa batekin hasiko da, eta gero, tradizioa denez, bertso saioa egingo da, aurten Onintza Enbeita eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolarien eskutik. 17:00etan herri kirolak egongo dira eta amaitu bezain pronto txistulariak, erraldoiak eta buruhandiak kalejiran irtengo dira. 19:00etan bingo musikatua egingo da eta eguna amaitzeko Eguen bakoitiak herriko taldearen kontzertua egingo da.

Irailaren 1ean, umeen jolasak egingo dira 11:00etan, eta jaiei amaiera emango die Txistulariek, Akarmarik, Paskualak, Matxinek, Jesusak eta Akarbaltzek girotutako kalejirak.

Betiko moduan, Intxurreta jai-batzordeak herriarentzako egitaraua prestatu du urtean zehar haiekin elkarlanean aritu diren Larrabetzuko eragileen eskutik. Helburua aker guztiek jaiaz gozatzea da, eta horri lotuta argi utzi dute ez dutela inongo erasorik onartuko, horregatik eskatzen dute edozein indarkeria jasanez gero, txosnetara jotzeko.

 

ANDRAMARIEK

Abuztuak 12, martitzena

17:00 Ume eta helduen futbol txapelketa (Kanporaketak)

Abuztuak 13, eguaztena

17:00 Ume eta helduen futbol txapelketa (finalaurrekoak/finala)

20:00 Herri afaria

22:30 Kantuz kantu herriko musikarien eskutik eta talentu lehiketa

Abuztuak 14, eguena

17:00 Triatloi herrikoia

19:00 Txupinazoa, Hori Bain eskutik,  herriko txistulari, Akarmari, Paskuala, Matxin, Jesusa eta Akarbaltzegaz.

Ostean, Ustekabe txaranga

22:00 Diskodantza

00:00 Erromeria: Bide Batez

Ostean, DJ Fifi ta Fefa

Abuztuak 15, barikua

11.00 Kalejira

12:00 Dantza ikuskizuna Bizkargi dantza elkartearen eskutik

Ostean, Ustekabe txaranga

18:30 Karrozak

20.30 Kataluniako Colla Castellera Minyons de Terrassa taldearen ikuskizuna.

00:00 Erromeria: Zirkinik bez

Ostean, Dj Reimy

Abuztuak 16, zapatua

11:00 Kalejira

11:30 Puzgarriak igerilekuetan

13.00 Kantarrana Band

14:00 Umeen bazkaria Txinpasmendi guraso elkartearen eskutik

14:30 Sukalki txapelketa

15:30 Umeen jolasak plaza inguruan

18:00 Poteo rallya

20:00 Elektrotxorongo elektrotxaranga

23: 00 Dantza lehiaketa

00:00 Erromeria: Trikizio

EMETERIEK

Abuztuak 30, zapatua

11.30 Zirko tailerra Etxafleruekaz

12:30 Txupinazoa

13:00 Apar jaia txokoan

14:30 Marmitako txapelketa

17:00 Mus eta Briska txapelketa

18.00 Kalejira

20:00 Kalean txaranga

22.30 Etxafleruek

23:30 Erromeria: Zutik

Ostean, DJ Behekosolo eta DJ Matrakas

Abuztuak 31, domeka

11:00 Txori harraparien erakusketa

13.00 Bertsolariak: Onintza Enbeita eta Angel Mari Peñagarikano

17:00 Herri kirolak

ostean, Kalejira herriko txistulari, Akarmari, Paskuala, Matxin, Jesusa eta Akarbaltzegaz.

19.00 Bingo musikatua

Irailak 1, astelehena

11.00 Umeen jolasak

Ostean, Kalejira