Sortzaileak Plazara Larrabetzun

Aikor aldizkaria 2025ko ira. 26a, 13:38

Larrabetzun, asteburu honetan, Sortzaileak Plazara ekimena egongo da, Kulturbilguneak antolatuta. Asteburu hau bi adarretan banatzen da.

Alde batetik, Larrabetzuko Sortzaileen Katalogo bat jarri da martxan, www.larrasoka.eus webgunean eskuragarri dagoena, eta bertan Larrabetzuko edozein sortzailek parte har dezake hark egiten duena erakusteko, bakarka edo taldeka, amateur zein profesional zein ikasle, “etengabe elikatzen” den katalogoa sortuz. Webgunea gaur arratsaldean, 19:00etan Ludoteka gaineko aretoan, aurkeztuko da, eta honen helburuak hauek dira, Kulturbilgunearen hitzetan: 

  • Larrabetzuko kultur sorkuntzaren erakusleiho bat izatea Interneten, herrikideek jakin dezaten nortzuk eta zer sortzen ari diren. 
  • Larrabetzuko kultur sorkuntzaren ikuspegi ahalik eta zabalena jasotzea.
  • Larrabetzun antolatzen diren kultur ekimenetan, herriko sortzaileak aintzat hartu edota lehenestea, ekitaldiren bat antolatu behar denean, urrunera bila joan barik, herrian bertan zein sortzaileri proposa daitekeen jakiteko.

Asteburu honen beste adarra igandean izango da, presentzialki, Larrabetzuko plazan. Bertan egongo dira sortzaileak haien lanak aurkezten, herritarrek ikus dezaten nortzuk diren, elkar ezagutzeko helburuarekin. Eguerdiko 13:00ak eta 14:30ak bitartean izango da.