Larrabetzun identifikatutako bost laguni isuna jarri diete Espainiako Vuelta bertatik igarotzean egondako protestengatik

Aikor aldizkaria 2025eko azaroaren 20a

Pasa den irailaren 3an, Espainiako Vuelta Bizkaitik igaro zen. Denok buruan dugun irudia Bilboko Kale Nagusiko protesta da, hura zela eta helmuga hiru kilometro aurreratu baitzuten. Baina protestak etapa osoan zehar ikusi ahal izan ziren. Gure eskualdera hurbilduz, Larrabetzun, protestak ere nabariak izan ziren. Hori dela eta, 19 herritar identifikatu zituen Ertzaintzak, eta horietako bosti heldu zaizkie isunak, 3.000 eurorainokoak. Horri aurre egiteko, “Eman Vuelta errepresioari” kanpaina jarri dute martxan.

Adierazpen horretan, kanpaina honetako kideek aipatu dute Euskal Herria beti izan dela herri solidario bat, “injustizien aurrean geldirik gelditzen ez dena”, eta hala erakutsi zutela Espainiako Bueltan. Bertan, “argi eta ozen” aldarrikatu zuten ez zutela onartuko “kirolaren bidez Israel egiten ari zen aurpegi garbiketa”.

Herritar hauek salatu dute isunak, “beste behin, genozidioaren aurrean ahotsa altxatzen duten herritarrei” jarri zaizkiela, eta ez “genozidioaren konplize diren enpresa eta gobernuei”. Horrez gain, aipatu dute ez direla bakarrak izan, izan ere, Euskal Herriko beste txoko askotan “beste isundu asko” badirela. Hauek eskua luzatu nahi diete kanpainara batzeko eta Palestinarekiko elkartasuna adierazten jarraitzeko.

Bilboko erdigunean bildu dira, EAEko eta Nafarroako gobernuei exijitzeko “Palestinarekin elkartasuna kriminalizatzeari uztea”. Horrez gain, bi gobernu hauei ere exijitu diete “genozidioa gelditzeko euren esku dauden neurri guztiak har ditzatela”, hala nola, “genozidioaren konplize diren enpresa eta erakundeekin harremanak moztea”.

Kanpaina honetan hainbat herritan informazioa banatuko dute, isunei aurre egiteko dirua biltzeko helburuarekin. Hala ere, epaitegian isunei nola aurre egin aztertzen ari dira, Kepa Ugartek BERRIAn dioenez, eta haien kontrako helegiteak aurkeztu dituzte dagoeneko.