Hamabost ahotseko liburua

Aikor aldizkaria 2025eko abenduaren 3a

Toti Martinez de Lezeak liburu berria argitaratu du: Ahotsak. Bertan, 15 kontakizun labur tartekatzen ditu, emakume igerilari baten borroka, ezinezko maitasuna, maitemindutako gazte batzuen amaiera tristea… Orainaldia eta iragana tartekatzen ditu, eta Durangoko Azoka berehala izanik, bertan sortzaileak presente egotearen garrantzia azpimarratu du.

"Hasieran eleberri bat idatzi behar nuen, baina azken momentuan narrazio laburren liburu bat egitea erabaki nuen, errazagoa baita”. Hamabost narrazio hauetan, “lehen eta azken aldiz”, Nur-en kasua salbu, bere familiaren historia azaltzea erabaki du Martinez de Lezeak, bere amarena hain zuzen. Izan ere, bere ama Espainiako igeriketa txapeldun izandako lehen euskalduna izan zen: “Izterrak erakustea eta belauneraino zihoan gona ez eramatea, gizonekin entrenatzea, bidaiatzea txapelketetara, lizuna zen garaian, denetarik esaten zizuten. Gainera, Gasteizen, mojen, apaizen eta militarren hirian, imajina dezakezue zer nolako ospea zuen”. Gainera, narrazio bakoitzaren gainean marrazki bat dago, eta narrazio honen kasuan, bere amaren benetako argazki bat hartu dute oinarri gisa.

Liburu honetan, esan bezala, orainaldian zein iraganean kokatzen ditu narrazioak, eta honen inguruko ezberdintasunez galdetuta, Martinez de Lezeak argi du: “Errazagoa da orainaldira egokitzea, askoz errazagoa. Badakit nola bizi garen, nola gauden, nola janzten garen… ezagutzen dut, eta ez dut dokumentazio lana egin behar”.

 

aikorrek AHOTSAK liburuaren bi ale zozkatzen ditu. Parte hartu hemen.

“Inspirazioa ez da existitzen”
Hainbeste liburu argitaratu ondoren hainbeste urtetan zehar, batek pentsa dezake ea nondik ateratzen duen inspirazioa ideia berriak lortzeko eta irudikatzeko. Baina Martinez de Lezeak argi dauka: “Inspirazioa ez da existitzen, lana da”. Izan ere, hark kontatzen du gakoak “eskarmentua, asko irakurri izana eta bizirik egotea” direla. “Ez zaizu bat-batean iristen. Hau lana da, ofizio bat da. Argazki geroz eta gehiago egiten badituzu argazki hobeak egingo dituzu. Geroz eta gehiago idazten baduzu hobeto idatziko duzu. Naturala da”.

Izan ere, kasualitatez deskubritu zuen idazlea izango zela, apustu batengatik, hain zuzen. “Lagun batekin apustu egin nuen liburu bat idatziko nuela, hark esa-ten baitzidan ezingo nukeela, idazteko isolatu beharra zegoelako eta bestelako txorakeriak. Ondo geratu zen eta beste bat idaztea erabaki nuen, eta gaur arte”.

Sortzaileen babesaren garrantzia
Liburua argitaratzeko aitzaki nagusienetako bat Durangoko Azoka segituan ospatzea da. Martinez de Lezea urte asko daramatza bertara joaten, “idatzi aurretik ere”, Santa Mariako arkupean egiten zenean. Landako Gunean ospatzen hasi zenean, “2-3 sortzaile” zeuden bertan lanak sinatzen, haien artean bera, “lehen liburua zenez lagunentzako batez ere sinatu nahi nuen”. Gaur arte. Hori dela eta, Martinez de Lezeak dio sortzaileen presentziarengatik izango ez balitz, Azoka ez zela den bezain jendetsua izango: “Ikuskizunaren parte gara nolabait”. Eta haiek bertan egotea ere garrantzitsua da euskal kulturarentzat, horregatik dauka horrelako garrantzia gaur egun Azokak.

Hurrengo pausuari buruz galdetuta, idazten jarraituko du Larrabetzun bizi den idazleak: “Normalean 2-3 istorio hasten ditut eta gero momentu horretan nahiago dudanetik jotzen dut. Momentu honetan bakarra dut hasita eta 30 orri idatzita, baina 200era iritsi beharra dago”. Izan ere, iraganeko testuinguruan kokatutako eleberria da, eta ez dio halako eleberrietara itzultzeari ateak ixten: “Hala ere, L’Arratien taberna jendeari asko gustatu zaio eta orainaldiko testuinguruan dago kokatuta, beraz, ikusiko dugu”.