Larrabetzuko aurrekontuen izaera parte hartzailea nabarmendu dute

Mikel Reina Barros 2026ko urtarrilaren 19a

Larrabetzuko Udalak 3.332.385 euroko aurrekontua dauka 2026rako. Hau da, diru kopuru aldetik, igoera txiki bat dago bakarrik 2025eko aurrekontua 3,18 milioikoa izan baitzen.

2026rako Bizkaiko Foru Aldunditik jasotzen duten (Udalkutxa) diru-sarrera apur bat hobetu egin da. “Aurreko urteetan bezala, bai aldundiaren, baita Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzak eskatzen jarraituko dugu, proiektuak aurrera eraman ahal izateko”.

Udaletik nabarmendu dute aurrekontuaren eta oro har udal kudeaketaren oinarria herritarren parte hartzea, EAJren ekarpenak, gardentasuna eta tokiko kolektiboen inplikazioa dela. “Parte hartze horretatik jaso dugu Larrabetzuk euskaraz bizi eta euskal kultura bizi nahi dituela, herri askea izan eta guztiontzako aukera-berdintasuna errespetatu nahi duela, herritarrak eta herriko taldeak zaintzen jarraitu beharra duela, memoria historikoan gehiago sakondu nahi duela, eta herrian bizi nahi duen orok eskubidea izan behar duela horretarako”. 

Zaintza Plana martxan jartzeko 10.000 euro inbertituko dituzte eta Herri Taxian beste 5.000 euro. Hezkuntza “zutabe garrantzitsuenetako bat” dela diote, horregatik, Guraso Elkarteari 17.000 euroko laguntza mantendu dute eta Gym Berdea saioetarako 6.500 euro inbertituko dituzte. Euskara arlorako 18.000 euro bideratu dituzte, euskara ikastea %100 finantzatuta izateko diru laguntza ematen jarraituko dute. Haurrek orain arte izan duten aisialdi eskaintza mantentzeko asmoz 60.000 euroko diru saila jarri dute eta Akergunea izeneko gazte txokoaren eskaintzarako 13.000 euro inbertituko dituzte.

Kulturari dagokionez, herriko eragileekin sinergiak bultzatzen jarraitu nahi dute eta ekintzak antolatzeko 27.000euro bideratuko dituzte, horietatik 8.500 Kulturbilguneak adostutakoak izanik. 65 urtetik gorako pertsonen osasuna eta arreta hobetzeko ‘Zahartze aktiboa Larrabetzun’ proiektuarekin aurrera jarraitzeko 15.000 euro bideratuko dituzte. Gure Etxea elkarteari 3.000 euroko diru laguntza zuzena ematen jarraituko dute.

Horrez gain, memori ahistorikoa berreskuratzeko lanetarako 10.000 euro bideratu dituzte. Beste 12.000 euro kirol ekintzetarako izango dira eta 2.500 euro kirolbilgunerako. Aukera berdintasuna sustatzen jarraitu nahi dute herriko taldeekin eta horretarako 15.000 euroko aurrekontua izango dute. Sortu berri den Larraola kooperatibari 5.000 euroko diru laguntza emnago zaio, Gym Berdearentzako 30.000 euro, nekazaritza eta basogintzarako 10.000 euro bakoitzarentzako eta baso lurrak erosten jarraitzeko 5.000 euro.

Bestelako inbertsioei dagokionez, bide eta espaloi publikoak konpontzeko ia 70.000 euro bideratzea aurreikusi dute, udaletxeko altzairuentzako 50.000 euro, eskolako leihoak aldatzeko 30.000 euro eta auzo bideak konpontzen jarraitzeko beste 25.000 euro, besteak beste.