Barikura arte egin daitezke proposamenak ludotekako eraikinari izena jartzeko

Mikel Reina Barros 2026ko otsailaren 12a

Larrabetzuko Udalak izena jarri nahi dio ludoteka dagoen eraikinari, eta horretarako, herritarren proposamenak jaso nahi dituzte. Barikua, otsailak 13, da larrabetzuarrek parte hartzeko duten azken eguna.

Proposamenak gutunazal batean sartuta udaletxean edo Angulerin utzi daitezke, kanpoko aldean ‘Ludoteka dagoen eraikina’ jarriz. Barruan, eraikina izendatzeko proposatzen den izena eta bere justifikazio edo zergatia ere jarri beharko da. Horrez gain, nahi izanez gero, norberaren datuak ere jarri daitezke.

Udaletik gogoratu dute izena euskarazkoa izan behar dela, berdintasun terminoa errespetatu behar duela eta hitz bakarrekoa izan behar duela. Aurrerago, aurkeztutako proposamenen artetik larrabetzuarrek bozka bidez aukeratu ahalko dute eraikinaren izena.