Ernaik etxebizitzaren aldeko elkarretaratzea egin du Larrabetzun

Mikel Reina Barros

Argazkia: Ernai

Azken asteetako gertakarien harira, etxebizitzak agendaren erdigunea hartu du. Horregatik, Ernaik Euskal Herriko txoko ezberdinetan mobilizazio eta ekintzak egin ditu, eta zehazki Txorierrin elkarretaratzea egin zuten atzo, urriak 5, Larrabetzun, 'Etxebizitza duinaren alde, Euskal Herrian urrats bat aurrera' lemapean.

Deitzaileek uste dute etxebizitzaren auziak “berehalako erantzun bat” behar duela. Bide horretan, “ezinbestekotzat”jo dute, “etxebizitza duinaren aldeko aldarria erdigunera ekarri, eta borrokan jarraitzea”.

“Azken hamarkadetan eraiki den eredu sozial, ekonomiko eta politikoa ez da sostengagarria. Neoliberalismoak goia jo du eta orain arte ezagutu dugun mundua abiadura bizian aldatzen ari da. Gauzak horrela, kapital metaketari eusteko geroz eta herritar gehiago prekarietate gordinenera kondenatuak izaten ari gara. Honek gure bizitzako ardatz guztiak zeharkatzen ditu eta etxebizitzaren kasuan oso modu argian ikus dezakegu. Izan ere, oinarrizko eskubidea beharko lukeena negoziorako bitarteko bihurtu dute. Horrela, funts putreak eta enpresari handiak aberastu daitezen gu geroz eta pobreagoak gara”.

Azaroaren 29ko Espainiako hauteskunde orokorrei begira, Ernaiko kideek uste dute mobilizazioa ez dela bakarrik izan  etxebizitza duinaren aldeko borrokan ekarpena egiteko, “ultra eskuinaren aurkako erantzun gisa ere aurkeztea funtsezkoa iruditzen zaigu”.