Larrabetzun hasiko dute bertsolari gazteentzako ‘Danon plaza’ zirkuitua

Mikel Reina Barros

Eguenean, urriak 8, emango diote hasiera Bertsozale Elkarteak antolatutako zirkuitu berriari, eta Larrabetzu izango da Markina-Xemeinekin batera, lehendabiziko plaza. Publiko orokorrarentzako saioak dira, eta sarrera doakoa da saio denetan. 

Larrabetzun, eguenean, urriak 8, 19:30ean hasiko dute saioa plazako aterpean, eta hurrengokoak izango dira parte hartuko duten bertsolariak: Joseba Ortuzar, Izaro Bilbao, Aitor Bizkarra, Emile Zabala eta Peru Cristobal.

Danon plaza bertso zirkuituak gazteen plazaratzea laguntzea du helburu nagusi, “beraien neurrira egindako plazak eskainiz”. Lehiarik bariko zortzi saioko bertso zirkuitua da, eta saioak urriko eguenetan osatuko dituzte, Dimako saioa barikuz izango da.

Bertsolari gazteak eta Bizkaiko finalistak batuko ditu zirkuitu honek. “Saioak dinamikoak eta biziak izango dira. Ohiko plazetako lanak egingo dituzte parte hartzaileek, eta baita adinari eta bertso mailari egokitutako bestelako ariketa eta jolasak ere”, azaldu dute antolatzaileek. Saio bakoitzean 5 bertsolarik egingo dute bertsotan: 18 urtera arte bi, 18-25 arteko bi, eta finalista bat.