Ikamak herri eskola egingo du urriaren 12an, Hori Bai Gaztetxean

Mikel Reina Barros

'Faxismoaren eta espainolismoaren aurrean, ikasleok desobedientzia!' lemapean, astelehenean, urriak 12, herri eskolak egingo dituzte Ikamatik, Txorierrin, Larrabetzuko Hori Bai Gaztetxean. Astelehen goizerako askotariko egitaraua antolatu dute. 

“Mundua kaosean murgilduta dagoela eta ideia erreakzionarioen gorakada bizi dugula diote. Mundu mailako olatu autoritario eta atzerakoiak bultzatuta, frantziar eta espainiar estatuen nazio proiektuak hauspotzen dituzten bloke erreakzionarioak indartzen ari dira, baita euskal Herritarron eskubideak mehatxatzen dituzten diskurtsoak eta gertakariak bizi ditugula sektore atzerakoi hauen partetik ere”, adierazi dute Ikamatik.

Egoera honen aurrean, ikasleek “desobedientziaz” erantzungo dutela diote eta urriaren 12an herri eskolak antolatu dituzte. “Espazio hauek eztabaidarako eta politizaziorako baliatuko dituzte, eta heziguneak hartuz saretzen eta antolatzen jarraituko dute”.

Egitaraua: 

  • 11:00: Harrera.
  • 11:30: Dokumentalaren proiekzioa eta eztabaida.
  • 12:45: Propaganda tailerra eta herri apainketa.
  • 13:15: Hamaiketakoa.