Larrabetzuko Vinco enpresaren ekoizpena geldiarazi du kaleratze baten aurka deitutako grebak

Mikel Reina Barros

Gaur, urriak 9, da azken greba eguna, eguaztenean, urriak 7, eman zioten hasiera. ELA sindikatutik azaldu dutenez, grebak “jarraipen osoa” dauka, eta lantokiko ekoizpena geldiarazi du.

Larrabetzuko Sarrikola industriagunean dago kokatuta Lontana taldeko Vinco enpresa, eta produktu metalikoen horniketa, eraldaketa eta merkaturatzean espezializatuta daude. Enpresa geldirik dago ELAk urriaren 7, 8 eta 9rako deitutako grebaren ondorioz. Greba Lontana Taldeak joan den irailean langile bati egindako diziplinazko kaleratzearen ondoren deitu dute. ELAk kaleratzea “neurrigabetzat” jo du eta “enpresaren zigor politika” salatu du. “Grebaren helburua kaleratutako langilea berriz hartzea eta enpresarekin adostea da langileen aurkako zigor-neurri justifikatu eta neurrigaberik ez aplikatzea”, diote.

Sindikatuak adierazi du grebaren jarraipena “erabatekoa” izaten ari dela eta mobilizazioak lantokiko ekoizpena geldiarazi duela. Enpresa batzordea bederatzi ordezkarik osatzen dute: ELAko sei eta UGTko hiru. Enpresak 170 langile ditu.