Hau da, “tokiko produktuak eta lehen sektoreak dagokien lekua eta garrantzia” izango duen gunean bilakatuko da Larrabetzuko plaza. Bertan, askotariko produktuez gozatu ahalko dute bertaratzen direnek: ortuaria, gazta, eztia, olioa, berakatza, zeramika, sendabelarrak, txakolina… Hain zuzen ere, aurtengo gaia ‘Baserritik Sukaldera’ da, “baserria, janaria, eta sukaldeak bide laburrean eta zuzenean duen lotura erakutsiz”.
Horretarako, bezperan, urriak 17, Aitor eskolako sukaldariak gidatuta, 3. Sukaldaritza Tailerra antolatu dute herriko baserrietako eta sasoiko produktuak prestatu eta dastatu ahal izateko. “Eta urtero lez, aurten ere bertokoa indartuz, azoka egun hau musika eder eta talo goxoez gurekin batera jai giroan ospatzera animatzen zaituztegu”.
Horrez gain, azokaren egunean, 10:30ean plazatik irtenda, Txinspasmendi Guraso Elkarteak ‘Txinpasplana familian’ ibilbidea antolatu du. Herria oinezko ibilbide baten bidez ezagutzeko “aukera aparta” izango dela nabarmendu dute.