Errigoraren ‘Sustraitik espaziora’ dokumentala aurkeztuko dute eguenean

Mikel Reina Barros

Errigorak ‘Sustraitik espaziora’ dokumentala aurkeztuko du eguenean, urriak 29, 19:00etan, Larrabetzuko Goikontxurreta aretoan. Proiekzioaz gain, solasaldia ere egingo dute. Ager eremuko kide batekin solasteko aukera egongo da “Nafarroa hego eta erdialdeko errealitatea hurbiletik ezagutu ahal izateko”. Larrabetzura Karmen Munarriz Lodosako Ibaialde Ikastolako zuzendaria joango da.

2013an ospatu zuen Errigorak lehen kanpaina, Nafarroa erdi eta hegoaldeko euskalgintzak bizi zuen larritasun ekonomikoaren aurrean Euskal Herri osoko elkartasuna ehuntzea helburu zuena. “Hamahiru urte beranduago, beharrak hor dirau. Hala ere, hamar urteko bidean erein diren haziak ere hasiak dira loreak ematen”, diote. Dokumentalaren bitartez, Errigoraren jarduna eta hausnarketak barrutik ezagutzeko aukera izango dute ikusleek: “Kontserba etxeko produkzio lerrotik hasi eta euskararen aldeko Santxikorrota lasterketaraino. Hamaika bilera, auzolan, banaketa, ezintasun... begibistan”.