Ertzaintza bi gizon ikertzen ari da Larrabetzuko mezularitza enpresa batetik paketeak lapurtzeagatik

Mikel Reina Barros

Ikertzen ari diren bi gizonei leporatzen diete joan den uztailean Larrabetzuko mezularitza enpresa bateko biltegitik paketeak lapurtzea, eta eguaztenean, azaroak 25, patruila batek Loiun furgoneta batean zihoazenean harrapatu zituen susmagarriak.

Azaldu dutenez, bost pertsona zeramatzan ibilgailuak patruilaren susmoak piztu zituen, eta bidaiariak identifikatu zituzten. Beharrezko kudeaketak egin ondoren, egiaztatu zuten horietako bi uztailaren 4an Larrabetzuko mezularitza enpresa baten biltegian egindako lapurretako susmagarriak zirela.

“Pabiloiko ate bat beroagatik zabalik zegoela aprobetxatuz, bi gizonek barrura sartu eta pakete ugari lapurtu zituzten, eta 25.393 euroko balioa zuen gauzak eskuratu zituzten. Gehienak gama altuko aparatu elektrikoak ziren, batez ere telefono mugikorrak”, adierazi dute.

Ertzaintzak hasi zuen ikerketaren ondorioz, konturatu ziren hirugarren pertsona batek Bizkaiko salerosketako dendetan ari zela aparatu horietako batzuk saltzen, eta lapurretaren ustezko egileak identifikatzea lortu zuten. Atzo biei eginbideak ireki zizkieten ikertu gisa ebasketa delitu batengatik, eta agintari judizialaren aurrera agertu beharko dute zitatzen dituztenean.

Esan dutenez, espainiar nazionalitatea duten 39 eta 32 urteko bi gizonek polizia aurrekariak dituzte, horietako gehienak jabetzaren aurkako delituengatik. Lehenengoa Ertzaintzak 18 aldiz atxilotu du aurretik, eta bigarrena, berriz, 29 aldiz.